Gizartea -
KORONABIRUSA
EHUko Medikuntzako eta Erizaintzako ikasleek bat egingo dute osasun sistemarekin
EHUko ikasleek aukera hori beren borondatez aukeratu ahal izango dute, osasun laguntzako kontratuaren bidez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EHU eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila lankidetzan ari dira prestatzen diharduten osasun arloko profesionalak hornitzeko, koronabirusaren aurka borrokatze aldera. Medikuntza eta Erizaintza graduetako azken urteko ikasleak dira euskal osasun sisteman sartuko direnak, borondatezko lan kontratuen arabera.
Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazitakoaren arabera, koronabirusaren pandemiaren aurka borrokatzeko osasun sisteman profesionalek duten "premiazko beharraren aurrean", EHUk eta Osasun Sailak akordioa lortu dute Medikuntza eta Erizaintza graduetako azken mailako ikasleak sisteman errazago sartu daitezen.
Akordioan oinarrituta, hainbat kolektiboren presentzia eta parte-hartzea gaituko da osasun sisteman: prestatzen ari diren profesionalak, espezialista titulurik gabeko lizentziadunak eta graduatuak, erretiratuta dauden langileak eta Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako osasun langileak, besteak beste.
Eusko Jaurlaritza agindu bat lantzen ari da, akordioaren xehetasunak jasoko dituena. EHUko ikasleek aukera hori beren borondatez aukeratu ahal izango dute, osasun laguntzako kontratu bidez.
Pertsona horiek laguntza gisa egin beharko dute lan, betiere beren espezialitateko profesional batek gainbegiratuta (Medikuntza edo Erizaintza).
Azken ikasturte akademikoan eta derrigorrezko irakaskuntza praktiken etapan dauden ikasleak direnez, bai Osasun Sailaren aginduak bai pertsona bakoitzak sinatzen duen kontratuak adieraziko dute laguntzako langile gisa jarduten duten aldia graduko praktiketako prestakuntza alditzat aitortu ahal izango zaien. Gainera, betebehar akademikoekiko bateragarritasuna zainduko da.
Nekane Balluerka EHUko errektoreak akordio horren balioa nabarmendu du. "Garai dramatikoa igarotzen ari gara osasun arloan eta maila emozionalean. Gizartearen erantzuna apartekoa izaten ari da, eta Euskal Herriko Unibertsitatea erantzun horretan sendo inplikatuta dago; batetik, irakaskuntza bermatuz, eta, bestetik, bere baliabide materialak eta giza baliabideak osasun agintarien esku jarriz", ziurtatu du.