Gizartea -

EiTB Focus

Koronabirusak ekonomia gogor joko duela uste dute euskal herritarrek

Herritarrak kezkatuta ageri dira gaixotasunaren aurrean eta hamarretik bederatzik etxean garbitasun-neurri osagarriak hartu dituzte. % 91ren iritziz, konfinamendua eraginkorra izango da.

Euskadiko herritarrek uste dute COVID-19ren eragin ekonomikoa gogorra izango dela
Koronabirusaren eragin ekonomikoari buruzko EiTB Focus inkesta
Koronabirusak ekonomiari gogor erasango diola uste du gizartearen gehiengoak

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal gizartearen ustez, koronabirusaren krisiak eragin zuzena izango du ekonomian eta gogor astinduko du. Hori da hemeretzigarren EiTB Focus inkestak jaso duen datuetako bat. Inkestak, oraingoan, koronabirusak sortutako osasun-krisiaren gainean galdetu die herritarrei.

Hemeretzigarren EiTB Focus hau berezia da, eta apirilaren 11ra arte luzatuta dagoen alarma-egoeraren bigarren astean egin dute. Makroinkestaren arabera, alarma-egoerak agindutako konfinamendua eraginkorra izango da: hala diote herritarren % 91k. Konfinamenduari dagokionez, % 36k diote ohiko egoera baino gogorragoa dela.

Krisi honek ekonomian izango duen eraginaren gainean, euskal herritarrek uste dute eragin hori oso edo nahiko gogorra izango dela, arlo guztietan; hala diote inkestatuen % 90ek baino gehiagok Euskadiko ekonomiari dagokionez, eta % 95ek baino gehiagok Espainiari eta munduari dagokionez. Ekonomia pertsonalari buruz, Euskadiko herritarrak pixka bat baikorragoak dira, baina % 46k uste dute eragina oso edo nahiko handia izango dela. Soilik % 14,6k pentsatzen dute krisi honek ez duela eraginik izango euren ekonomia pertsonalean.

Eragin ekonomikoa munduan

Koronabirusaren eragina ekonomia pertsonalean

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 35 beldur dira, uste dutelako lanpostua galtzeko arriskuan daudela. 18 eta 35 urte arteko gazteak bereziki dira horren beldur (horien % 37k uste dute hori gerta litekeela).

Lana galtzeko beldurra

Euskal herritarren bi heren "oso edo nahiko" kezkatuta dago koronabirusaren epidemiagatik, eta % 88k hartu dute etxean garbitasun-neurri osagarriren bat COVID-19 gaitzaren kutsadura saihesteko, hemeretzigarren EiTB Focusen arabera. Inkestak, oraingoan, koronabirusak sortutako osasun-krisiaren gainean galdetu die herritarrei.

Inkestak ondorioztatzen duenez, Euskadiko herritarren % 68 oso kezkatuta (% 24,6) edo nahiko kezkatuta (% 43,3) daude COVID-19 gaitzak kutsatzeko arriskuagatik. 18-35 urte arteko gazteak daude oso edo nahiko kezkatuta; adin-tarte horretako herritarrek 65 urtetik gorakoen datua gainditu dute (65 urtetik gorakoen % 68 daude oso edo nahiko kezkatuta, datu orokorrarekin bat eginda).

COVID-19 hartzeko beldurra

EAEko herritarren % 88,4k adierazi dute garbiketa-neurri osagarriak hartu dituztela etxean, kutsadura saihesteko. 18 eta 35 urte bitartekoek bereziki hartu dituzte neurri horiek; izan ere, horien ia % 97k egin dute.

Higiene neurri gehiago

Konfinamendua eraginkorra izango da COVID-19 gaitzak aurrera egitea saihesteko; hala diote herritarren % 91k. % 90ek adierazi dute ez direla etxetik irten erosketak egitera beharrik gabe, soilik aireztatzeko; hala ere, % 30ek diote etxetik ez irteteko araua betetzen ez duen norbait ezagutzen dutela auzoan.

Konfinamendua eraginkorra

Euskal herritarren herenak, % 36k hain zuzen ere, uste du konfinamendua ohiko egoera baino gogorragoa dela; % 11k esan dute oso gogorra dela. 65 urtetik gorako herritarren % 17k uste dute azken hori. Ekonomian eta enpleguetan izango duen eragina.

Konfinamendua

Fitxa teknikoa

Gizakerrek EiTBren informazio-zerbitzuetarako egindako inkesta EAEn bizi diren 600 pertsona elkarrizketatuta egin da (Arabako 200, Bizkaiko 200 eta Gipuzkoako 200).

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.

Inkesten % 24,5 euskaraz egin dira, eta gainerako % 75,5, gaztelaniaz. Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2020ko martxoaren 24an eta 25ean egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 6,66 minutukoa izan zen: motzenak 4 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 13 minutu.¿

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Langabezia Euskal Herrian EAE albisteak Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Gaixotasunak argazkiak Gizartea Ekonomia berriak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus albisteak COVID kasuak