Gizartea -

Koronabirusa

91 urteko emakume bat, lehen hildakoa koronabirusagatik Gipuzkoako egoitzetan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzen sarean, guztira, 81 lagunek eman dute positibo, horietatik 17 azken orduotan.

Hainbat osasun-langile, EAEko ospitale batean. Argazkia: EFE.
Hainbat osasun-langile, EAEko ospitale batean
Hainbat osasun-langile, EAEko ospitale batean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Aldundiak ostegun honetan jakinarazi duenez, lurraldeko egoitzen foru-sarean koronabirusak eragindako lehen heriotza gertatu da. Hain zuzen ere, 91 urteko emakume bat zendu da Zarauzko Santa Ana egoitzan; astelehenean eman zuen positibo, COVID-19 gaitzagatik, eta osasun egoera "oso ahula" zuen, Eider Mendoza bozeramailearen esanetan. Mendozak esan ere esan du Santa Ana egoitzako profesionalek "ezin hobeto" zaindu dutela emakumea.

Gipuzkoan, Aldundiaren egoitzetan, 81 kasu positibo daude, guztira; horietatik 68 adinekoen egoitzetan izan dira, eta gainerakoak, 13, pertsona desgaituen egoitzetan. 17 kasu, gainera, azken orduetan atzeman dituzte. Gipuzkoan, guztira, Aldundiak 5.425 pertsona zaintzen ditu, bere egoitzetan.

Arestian esan bezala, 17 kasu berri daude Gipuzkoan. Horietatik 14 Tolosako Iurreamendin atzeman dituzte, eta, hortaz, 37 lagun daude kutsatuta egoitza horretan. Beste lagun batek Hondarribiko Caser Residencial Betharram egoitzan eman du positibo; guztira, lau pertsona daude kutsatuta bertan. Azkenik, Beasaingo Arangoiti egoitzan bi positibo atzeman dituzte.

Lau lagun daude ospitaleratuta, orain arte bezala, eta zazpi Gurutze Gorriaren zentrora eraman dituzte; horiek zenbatuta, egoitzetako 12 erabiltzaile daude azken zentro horretan.

"Babesa eta elkartasuna"

Bozeramaileak "babesa eta elkartasuna" agertu nahi izan dizkie Zarautzen hildakoaren senideei, bai eta Santa Anako erabiltzaileei eta langileei ere; halaber, mezu hori bera helarazi nahi izan die “gaixotasunaren aurka borrokatzen jarraitzen duten pertsona guztiei, eta gaitzaren kutsatzea geldiarazten saiatzen ari direnei”.

Aldundiaren Gizarte Politiketako Sailak, Mendozak esan duenez, eguneroko harremana du lurraldeko egoitzekin. Alde batetik, erabiltzaileen eta langileen osasun-egoeraren jarraipena egiteko; bestetik, babes-materialarekin lotutako beharren berri izateko. Behar horiek horniduraren arduradunari helarazten ari zaizkie, alegia, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari.

Ildo horretan, Aldundiak, Jaurlaritzak eskatuta, mezua bidali du Gipuzkoako egoitza guztietara, gogorarazteko zeintzuk diren Osasun Publikoaren telefono-zenbakia eta posta elektronikoa, Banakako Babes Ekipoak eskatzeko.

Lan-poltsa

Testuinguru honetan, bozeramaileak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak erizainentzako lan-poltsa deituko duela, egoitzetan adinekoen zaintza indartzeko, eta COVID-19ak sortutako osasun-krisiari aurre egiteko. Zehaztu duenez, ostiral honetan argitaratuko dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean; lan-poltsak "ez du epe-mugarik izango, hau da, larritasun-egoera hau indarrean dauden bitartean izango da aukera eskariak aurkezteko. Izen-ematearen ordenaren arabera deituko zaie langileei".

"Lan-poltsa hau baliabide egokia izango da egoitzetan sortzen ari diren beharrak artatzeko eta horietara egokitzeko", gehitu du.

Mendozak esan du eskariak web orri honetan aurkeztu beharko direla. Erizaintzan lizentziadunak aurkeztu ahalko dira, bai eta azken ikasturteko ikasleak ere (egiaztatu beharko dute "Gradu Amaierako Lana" irakasgaian daudela matrikulatuta.

Halaber, egoitzetako adinekoen zaintzaileen eremuan, beste lan-poltsa baterako ere bazegoen zabalik epea; alarma-egoera deituta, bertan behera geratu da, epeak eten direlako. Mendozak azaldu du Aldundiak, koronabirusagatik, lan-poltsa horretara ere jotzea erabaki duela, behin-behinekoa bada ere; zaintzaileen beste lan-poltsa bat deitu behar izatekotan, Mendozak berretsi du hori egiteko "konpromisoa" duela Aldundiak. 

Araba

Araban, pandemia hasi zenetik, guztira 23 lagun hil dira adinekoentzako egoitzetan, 21 zentro pribatuetan eta bi Aldundiaren zentroetan.

111 positibo atzeman dituzte, 80 zentro pribatuetan eta 21 foru-zentroetan; 14 gaixo ospitaleratu dituzte, eta 97 lagun egoitzetan artatu. Hain zuzen ere, 18 egoitzatan izan dira positiboren bat; Araban, guztira, 94 egoitza daude, ia 3.900 erabiltzailerekin.

Desgaituen egoitzetan, 8 positibo atzeman dituzte; horietatik 7 ospitaleratu dituzte.

Koronabirusaren kutsadurak gora egingo duela aurreikusita, Aldundiak jakinarazi du Zadorra foru egoitza izango dela Araban erreferentziako zentroa, koronabirusagatik bakartuta edo zaintzapean egon behar diren egoitzetako sareko adinekoentzat.

Gainera, Araban ere ari dira prestatzen lan-poltsa bat, egoitza pribatuek kontratazioak egin eta bajak ordezkatu ahal izan dezaten.

Nafarroa

Nafarroan, Iruñeko Erruki Etxeak iragarri du erabiltzaile bat zendu dela; hain zuzen ere, lagun bat zegoen bertan koronabirusarekin, baieztatuta, eta hil da. Orain, guztira, 92 lagunek dituzte COVID-19 gaitzaren sintomak zentro horretan.

Egoitzak zehaztu duenez, Nafarroako Gobernuak egingo ditu beharrezko testak, konpromisoa hartu baitu.

Bizkaia

Bizkaian, Gescak, alegia, lurraldeko adinekoentzako egoitzetako kudeatzaileen elkarteak (elkarte horretako enpresek 4.000 plaza baino gehiago kudeatzen dituzte, zentro pribatuetan edo hitzartutako zentroetan) ziurtatu du zentroek "koronabirusaren aurrean ezarritako neurri eta protokolo guztiak kontu handiz betetzen" ari direla.

Ohar batean, Gescak adierazi du osasun-arloko eta lan-arriskuak prebenitzeko neurriak ari direla betetzen. Osasun-arlokoak Osakidetzak eta Osasun Sailak zehaztu dituzte, eta lan-arriskuekin lotutakoak, aldiz, Osalanek eta Prebentzioaren Zerbitzuek ezarriak dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak argazkiak Zarautz albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Egoitza geriatrikoak Koronabirusa Adinekoak gaurko berriak