Gizartea -
Planetaren ordua, larunbatean
Balkoietara ateratzeko deia egin dute, "Itzali argia. Dena ondo joango da" lelopean
Larunbat honetan, martxoak 28, 20:30ean, herritarrak balkoietara eta leihoetara ateratzeko deia egin dute, argiak itzali eta "dena ondo aterako da" mezua zabaltzen laguntzeko.
Agentziak | Erredakzioa
"Itzali argia. Dena ondo joango da" leloa aukeratu dute aurtengo "Planetaren Ordua" aldarrikapenaren XIII. edizioa egiteko. Mundu mailako ekimenak egun hauetarako antolatutako ekintzak bertan behera utzi edo atzeratu egin behar izan ditu, covid-19aren eraginez.
"Gure herrietako eta hirietako balkoiak eta leihoak milaka distiraz bete nahi ditugu, aurten, gure etxeetatik (#gerazaitezetxean), denok guztion etxea, Lurra, zaintzeko beharrean konektatuta eta kontzientziatuta jarraitzen dugula esateko". Hori da WWF erakundeak "Planetaren Ordua" larunbatean ospatzeko zabaldu duen mezua.
WWFko Miguel Angel Valladaresek azaldutakoaren arabera, kalean aurreikusita zeuden ekitaldiak koronabirusaren krisiagatik bertan behera utzi dituzten arren, ekitaldi nagusiak aurrera jarraitzen du: 20:30etik 21:30era argiak itzaltzea, horixe baita "aldarrikapenaren arima" azken urteetan.
Aurten, eta Espainiako Gobernuak koronabirusaren hedapena ekiditeko herritarrei etxean egoteko emandako aginduari jarraituz, balkoietara eta leihoetara ateratzeko deia egin dute, larunbatean, 20:30ean, argiak itzali eta "dena ondo aterako da" dioen "itxaropenezko mezua" emateko.
EAEko eta Nafarroako 18 udalerri
EAEn eta Nafarroan, 18 udalek egin dute bat ekimenarekin, ofizialki, eta euren eraikin eta monumentuetako argiak itzaliko dituzte.
EAEn, 15 udalerrik itzaliko dituzte argiak: Abanto-Zierbena, Zornotza, Bilbo, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Getxo, Irun, Lekeitio, Mungia, Portugalete, Gasteiz, Zalla eta Zarautz.
Nafarroan, berriz, hiruk: Antsoain, Iruñea eta Tutera.