Gizartea -
Koronabirusa
COVID-19ko lehen kasua Bizkaian eta 100 osasun langile koarentenan EAEn
Hala, EAEn 13 pertsona kutsatu dira guztira. Horietatik bost osasun langileak dira, eta bi, ospitalean daude.
EITB.EUS
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak baieztatu egin du koronabirusaren lehen kasua Bizkaian; horrenbestez, COVID-19 gaixotasunak 13 pertsona kutsatu ditu guztira (10 Araban, bi Gipuzkoan eta azken hori Bizkaian). Azken hori zen, hain justu, orain arte baieztatutako gaixorik gabe zegoen lurralde bakarra. Halaber, 211 pertsona daude etxean koartenan; horietako 100 inguru, osasun langileak.
Murga prentsaurrekoan azaldu da Gobernu Bileraren ondotik, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea ondoan zuela. Ohiko Gobernu Bilera egiteaz gain, gaur bigarrenez batzartu da koronabirusari aurre egiteko sortutako sailarteko Mahaia, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Batzar horretan aztertutakoen berri eman du Osasun sailburuak.
Murgak zehaztu duenez, 13 erietatik bost osasun langileak dira, eta gaixo gehienak etxean daude. Bi, ordea, erietxean dituzte.
Hiru kasu gehiago: Gizon bat Bizkaian eta beste bi pertsona Araban
Gaixotasunean positibo eman duen Bizkaiko kasuari buruz (bart baieztatu dute), Murgak argitu du gizon bat dela eta zaintzapean zuten pertsonetako bat zela. Izan ere, Anberesen (Belgika) egona da gaixoa, eta Osasun arduradunek uste dute bertan kutsatu dela. Horren osasun egoera ona dela esan du sailburuak.
Araban beste bi kasu baieztatu dituzte: isolamenduan zegoen emakumezko bat (aurreneko gaixoekin kontaktuan egon zen) eta gizonezko bat (hori ere lehen kutsatuekin harremanetan izan zen). Emakumearen kasuan, eta bere osasun egoera ona den arren, Txagorritxuko Ospitalean ingresatua dago, bere egoera pertsonala dela eta. Gizonezkoa etxean dago.
Gipuzkoan atzemandako bi kasuen inguruan ez dago berrikuntzarik.
Osasun langileak
Murgak iragarri duenez, Osakidetzako Zainketa epidemiologikoko lantaldera beste 12 mediku batu dira. Hortaz, gaur-gaurkoz 25 aditu daude lantaldean. Aitortu duenez, osasun langileen artean baieztatutako bost positiboek eta horien ingurukoak isolamenduan jarri izanak eragina izan dute osasun zentroetan, batez ere Arabakoetan.
Osasun sailburuaren esanetan, igandean bertan jarraibide zehatzak eman zizkieten Osakidetzaren baitako osasun erakundeei, profesionalen kutsatzea saiheste aldera. Orain neurri bertsuak ezarri dizkiete zentro soziosanitarioetako profesionalei, tartean adineko pertsonen egoitzetako langileei.
Horrez gain, gaixotasun infekziosoen, prebentzio, larrialdi eta lehen mailako arretako 1.700 langileen formazioa indartu dute, intranet, helbide elektroniko, bideo eta ikastaroen bidez.
Halaber, Osakidetzaren Osasun Batzordean behargin gehiago jarri dituzte. Otsailaren 26tik 950 telefono dei jaso dituzte erakunde horretan.
Azkenik, lasaitasun mezua helarazi du beste behin Murga Osasun sailburuak, batez ere Araban. Nabarmendu duenez, oraingoz ez dituzte aparteko neurriak jarriko ez EAEn ez Gasteizen gaixotasunaren kutsatzea saihesteko.