Gizartea -

Koronabirusa

Bi koronabirus kasu baieztatu dituzte Araban eta Gipuzkoan

Euskal Herrian detektatutako lehendabiziko kasuak dira. Bi lagunak isolatuta daude eta haien osasun egoera ona dela zehaztu dute.

Txagorritxuko ospitalea.
Txagorritxuko ospitalea.
Txagorritxuko ospitalea.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, koronabirus bidezko infekzio susmoa duten bi pertsonari egindako analisi mikrobiologikoek positibo eman dute, bat Gipuzkoan eta bestea Araban. Haien osasun egoera ona da, eta isolatuta daude. COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzaren lehen bi kasuak dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

Bi pazienteak Italian eta Andaluzian izan dira azken 15 egunetan. Horrek pentsarazten du toki horietan kutsatuta iritsi direla Euskadira. Arabako pazientearen kasuan, osasun arloko profesional bat da (medikua).

Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza "zorroztasun osoz" jarraitzen ari da protokoloa, eta gaixoekin harremanetan izan diren pertsonekin hitz egiten hasi dira dagoeneko, koronabirusaren hedapena saihesteko neurriak hartzeko, eta koarentenan egon beharko duten pertsonen kopurua lehenbailehen zehazteko.

Bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak erne jarraitzen dute, gaixotasunaren bilakaera jarraituz nazioartean.

Euskadik jarduteko protokolo zehatz bat du, adituen gomendioen arabera eguneratua, eta gaixotasun horri aurre egiteko funtsezko alderdiak jasotzen ditu: kasuaren definizioa, jakinarazpena, kontaktuen azterketa, isolamendu-neurriak, erreferentziazko ospitaleak, gaixoak lekualdatzea, laborategietan analisiak egitea eta osasun-arloko profesionalak babesteko neurriak.

Gainera, herritarrek eskura duten informazioa indartu da, bai ohiko bideen bidez, bai osasun-zentroen eta ospitaleen bidez. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren webguneetan koronabirusari lotutako azalpenak bildu dituzte.

Gomendio nagusia ondorengoa da: arnas infekzioaren sintomak (eztula edo eztarriko mina, esaterako) dituzten pertsonek, eta orain dela gutxi arrisku eremu batera bidaiatu dutenek, etxean geratu behar dute, eta Osakidetzako Osasun Kontseiluaren telefonora deitu (900 20 30 50).

Gaur egun, honako herrialdeak arrisku eremutzat hartzen dira: Txina, Hego Korea, Japonia, Singapur, Iran edo Italia (Lombardia, Veneto, Emilia-Romaña, Piamonte eskualdeak).

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dutenez, neurri sinple batzuk hartzea lagungarria izan daiteke koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko: eskuak urez eta xaboiz garbitzea; eztul edo doministiku egitean ahoa eta sudurra eskuarekin ondo estaltzea; ahal dela, botatzeko zapiak erabiltzea, mukiak kendu eta erabili bezain laster zakarrontzira botatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa