Gizartea -

Zaldibarko luizia

Hondakinetarako toki egokia aurkitzea lehenetsi du Confebaskek, ekotasaren aurretik

"Bestela, herrialde honetako enpresa-sarea geldituko da", ohartarazi du Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak.

Eduar Zubiaurre Confebaskeko presidentea, EiTBren bideo batetik hartutako argazkian.
Eduar Zubiaurre Confebaskeko presidentea, EiTBren bideo batetik hartutako argazkian.
Eduar Zubiaurre Confebaskeko presidentea, EiTBren bideo batetik hartutako argazkian.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburu Iñaki Arriolaren proposamenaren aurrean, alegia, zabortegietara hondakinak eramateagatik tasa ekologiko bat ezartzeko proposamenaren aurrean, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak adierazi du "premiazkoagoa" dela industria-hondakinetarako toki egokia aurkitzea, "bestela, herrialde honetako enpresa-sarea geldituko baita".

Bilbon egin ditu adierazpen horiek Zubiaurrek; Jose Miguel Garcia Euskalteleko CEOren hitzaldian izan da (Cebekek antolatu du), eta kazetariekin hitz egin du bertan, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren adierazpenen harira. Arriolak asteazken honetan zehaztu zuenez, tasa ekologiko hori disuasio-tasa litzateke, enpresek hondakinak zabortegietara ez eramateko, "beste aukera batzuk ere badaudela kontuan izanik".

Confebaskeko presidenteak esan duenez, "sailburuak egindako proposamena da" hori, eta aztertu beharko dute; oraingoz "ideia" bakarrik ezagutzen dutela zehaztu du. Nolanahi ere, ziurtatu du lehenik eta behin "herrialdeko industria-errealitateari" erreparatu behar zaiola, "bai eta errealitate horrek zein behar dituen ere".

Horrez gain, nabarmendu du azken urteotan "ahalegin handia" egin dutela Euskadin hondakinak eta horiek CO2an duten eragina murrizte aldera: "Murrizketa nabarmena izan da".

Esan duenez, bereziki epe laburrean, sortutako hondakinetarako toki egokia aurkitu beharra dago; "bestela, herrialde honetako enpresa-sare osoa geldituko dugu, batez ere oso garrantzitsuak diren industriak geldituko ditugu; adibidez, altzairu-fabrikak eta paper-fabrikak. Horiek toki bat behar dute, egunero sortzen dituzten hondakinetarako".

Hortaz, azpimarratu du ados daudela "epe ertainera eta epe luzera, balizko konponbideak aztertzeko", baina "askoz ere premiazkoagoa den beste arazo bat ere badago: egunero sortzen diren hondakinetarako toki egokia topatzea, alegia".

Kezka, Zaldibarko zabortegira hondakinik ezin baita eraman

Gogorarazi duenez, enpresak kezkatuta daude, ezin badute hondakinik eraman Zaldibarko zabortegira. Hilaren 6an izan zen luizia bertan.

Ohartarazi du kezka dela nagusi, "epe laburreko konponbiderik ez baitago": "Hondakinak egunero sortzen dira industria-jardueran, eta horri irteera eman behar zaio".

Zubiaurrek azaldu duenez, arazoa gero eta handiagoa da; Confebaskeko presidenteak espero du "epe laburrean irtenbide bat topatzea, enpresen industria-jarduerak arazorik gabe jarrai dezan. Jarduera hori oso garrantzitsua da herrialde honetarako".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Confebask Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar albisteak Industria gaur