Gizartea -
Zaldibarko luizia
Bizkaiko foru zabortegiek ezin dituzte Zaldibarko hondakin industrialak hartu
Aldundiak ohar batean azaldu duenez, foru zabortegiek hiri hondakin solidoak biltzeko baimena dute bakarrik. Horrenbestez, gaur egun indarrean dagoen baimena aldatu beharko litzateke.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen zabortegiek ezin dituzte Zaldibarko zabortegira eramaten ziren hondakin industrialak hartu, Aldundiak Eusko Jaurlaritzari jakinarazi dionez. Izan ere, otsailaren 6an luizia izan ostean, zabortegi horretan pilatzen zituzten hondakinak beste leku batzuetara eraman nahi ditu Jaurlaritzak. Bitartean, desagertuta dauden bi langileen bila jarraitzen dute.
Aldundiak ohar baten bidez eman dituen azalpenen arabera, foru zabortegiek hiri hondakin solidoak biltzeko baimena dute. Horrenbestez, gaur egun indarrean dagoen baimena aldatu beharko litzateke etorkizunean industria jardueratik datozen hondakinak biltzen hasteko.
Horrez gain, Artigako foru zabortegia "ia beteta" dagoela jakinarazi du Aldundiak, eta horrek Jatako zabortegia "berriz irekitzera eta egokitzapen lanak egitera behartuko du", Bizkaian sortzen diren hondakinak jasotzeko.
Batera zein bestera, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen bi zabortegiek "epe laburrean ezin dituzte Zaldibarko zabortegira eramaten ziren hondakin industrialak hartu".
Horrela jakinarazi dio Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeari, gai horri heltzeko orain arte egindako bi bileretan.
Aldundiak gaineratu duenez, Artigako instalazioak beteta badaude eta Jatakoak Bizkaian sortzen diren hondakin guztiak biltzen baditu, "gaur egungo sistemak ez du zabor gehiago hartzeko ahalmenik".