Gizartea -
New York (AEB)
Euskadik eskualdeen 'rol garrantzitsua' aldarrikatuko du Klimaren Goi-bileran
2020rako egitasmo "zehatz eta errealistekin" New Yorkera hurbiltzeko dei egin die Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak buruzagi guztiei.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Nazio Batuen Klimaren Goi-bileran parte hartuko du aste honetan, New Yorken. Krisi klimatikoari aurre egiteko orduan, "nazioarteko akordio handiak betetzeko bideratzaile gisa", eskualdeetako gobernuen "rol garrantzitsua" aldarrikatuko du EAEko Exekutiboak. Era berean, Euskadiko Klima Aldaketa Legeak jasoko dituen neurriak aurkeztuko ditu Jaurlaritzak.
Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak eta Aitor Zulueta Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak Klimarne Goi-bileran eta Klimaren Astean parte hartuko duen ordezkaritza zuzenduko dute. Jaurlaritzaren hitzetan, bi hitzordu "saihestezin" dira; izan ere, Lurraren berotzea gelditzeko gobernuen konpromisoa neurtu eta Parisko Akordioa betetzeko aurrerapausoak aztertuko dituzte.
Sailburuordearen lehen ekitaldia astelehen honetan izango da, Klimaren Goi-bileran parte hartuko baitu. 2020rako egitasmo "zehatz eta errealistekin" New Yorkera hurbiltzeko dei egin die Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak buruzagi guztiei, datorren hamarkadan berotegi efektuko gas isuriak % 45 murrizteko bidea jarraituz; zero 2050erako.
Klimaren Astea
Krisi klimatikoaren aurrean Euskadiren erronka nagusiak aurkeztuko ditu Morenok asteartean, baita EAEko Klima Aldaketa Legeak jasoko dituen neurriak ere. Araua tramitazio prozesuan dago egun. Aurkezpena The Huben egingo du, munduko 600 bat buruzagi politiko eta enpresaburu bilduko dituen foroan, Klimaren Asteko ekitaldien barruan.
Irailaren 25ean eta 26an beste eskualde batzuetako gobernu ezberdinekin aldebiko bilerak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko ordezkaritzan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ohar batean zehaztu duenez.
Batzarretan lan ildo partekatuak aztertuko dituzte, eta "krisi klimatikoaren aurrean eskualdeetako gobernuen rol garrantzitsua" aldarrikatuko dute, "estatuek nazioarteko akordio handiak betetzeko bideratzaile eta politikak maila lokalean aplikatzeko bultzatzaile gisa".
Nazio Batuen Klimaren Goi-bilera eta Klimaren Astea Santiagon (Txile) Klima Aldaketaren inguruko bosgarren Biltzarra hasi baino bi hilabete lehenago izango dira. Abenduaren 2tik 13ra egingo dute "Ekiteko garaia" lelopean, herrialde guztiek konpromisoak areagotzea beharrezkoa baita, berotze globala mugatzeko.