Gizartea -
Change the change Biltzarra
Urkullu: 'Kontzientzia soziala behar dugu klima aldaketaren erronkari aurre egiteko'
Nazioarteko adituak Donostian bildu dira, klima aldaketari irtenbide posibleak aztertzeko. Pedro Sanchezek "eskolagabe" deitu die klima aldaketa ukatzen dutenei.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak klima aldaketaren "garrantzi mundiala" azpimarratu du Donostian egiten ari den Change the change klima aldaketaren inguruko kongresuaren hasieran.
Lehendakariaren esanetan, "klima aldaketaren erronka globalaren aurrean kontzientzia soziala indartu behar da"; horren harira, klima aldaketa galarazteko eta jasangarritasun globala laguntzeko "guztiok ekintza lokalak egin ditzakegula" esan du Urkulluk.
"Gure helburua aldaketa aldatzea da", esan du. Ildo horretan, Donostiako biltzarrarekin "belaunaldi berriei etorkizun hobea uzteko aurrerapauso bat eman dela" azpimarratu du.
Izan ere, nazioarteko adituak Gipuzkoako hiriburuan bildu dira, Change the change biltzarrean, zortzi fronte ezberdinetatik klima aldaketari irtenbide posibleak aztertzeko.
Klima aldaketaren ikuspegi zientifikoa; jasangarritasuna; ekonomia; hezkuntza, trantsizio energetikoa, eskualdeak, hiriak eta emakumeen lidergoa mahai gainean dira. Klima aldaketa geldiarazteko ekimenak planteatuko dituzte parte-hartzaileek. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak biltzarrari hasiera eman dio asteazken honetan.
Sanchezek "eskolagabe" deitu die klima aldaketa ukatzen dutenei; esaterako, "beste herri batzuetako mandatari garrantzitsuei". Bestalde, "atzeraezina" den bataila hori "ideologikoa baino, zientziaren aldekoa eta zientzian oinarritutakoa dela" azpimarratu du.
Espainiako presidentearen hitzetan, iragate ekologikoa "ez da mehatxua, aukera bat baizik" ingurugiroa, ekonomia eta gizartea hobetzeko.
Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak eta Iñaki Arriola sailburuak parte hartu dute bileran. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak antolatu du biltzarra, Espainiako Gobernua, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udalarekin lankidetzan.
Eusko Jaurlaritzak klima aldaketaren erronkari aurre egin nahi diola esan du Arriola sailburuak, "denbora amaitzen zaigu eta".
Klima aldaketa hipotesia izateari utzi eta bistako arazoa izateari eutsi diola esan du Arriolak. Horrenbestez, jokabideak aldatu behar direla esan du, arazori aurre egin ahal izateko.
Bestalde, "gizakion etorkizunaren batailan ezer ere ez egiten ez badugu arduragabe hutsak izango ginatekeela" azaldu du.
Gainera, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak eta Nicholas Stern Grantham Ikerketa Institutuko buruzagiak hitzordua dute Donostian. Roseanna Cunningham Eskoziako Ingurumen eta Klima Aldaketarako ministroak, Connie Hedegaard KR Fundationeko presidente eta EBko Klima komisario ohiak, Cristina Narbona ministro ohiak eta Cristina Gallach Espainiako Gobernuaren 2030 Agendarako goi komisarioak hitzaldia emango dute.
Laura Zuñiga Caceres, Berta Caceres Honduraseko ekintzailearen alaba, ere Gipuzkoako hiriburuan izango da. Berta Caceres La Esperanzan (Honduras) hil zuten, 2016ko martxoaren 2an.
Daniel Innerarity filosofoak, Angel Leon eta Andoni Luis Aduriz sukaldariek eta Cristina Iglesias eskultoreak arazoaren inguruko beste ikuspuntu batzuk azalduko dizkiete enpresa munduko, tokian tokiko administrazio, unibertsitate, teknologia eta ikerketa zentro, GKE eta gizarte elkarteetako ia 600 adituri.
'Momentum for Change'
Klima Aldaketaren inguruko Nazioarteko Konferentzia Nazio Batuen Erakundearen 'Momentum for Change' ekimenean kokatzen da. Planetaren “erronken inguruan abangoardiako ikuspegia zabaldu” nahi du ekimenak, baita “ekimen aitzindarien” berri eman ere.
Tenperaturaren gorakada; itsasmailaren igoera eta kostaldeko inguruneen desagerpena; izotz galera poloetan eta glaziarretan; kalteak flora, fauna eta uztetan, eta lehorte zein uholde kopuruaren areagotzea mahai gainean izango dira biltzarrean.
Era berean, erregai fosilak energia berriztagarriekin ordezkatzea, eta herritar, enpresa zein ingurumenaren beharrizanentzako eredu energetiko berri baten garapena jorratuko dituzte parte-hartzaileek. Bestalde, klima aldaketaren aurkako borrokarekin “konpromiso berezia” hartu duten eskualde eta hirien esperientziak tokia izango dute bileran.
Klima aldaketak eragindako eraldaketa sozialak, fenomenoak banku sistemarentzako suposatzen du erronka ekonomikoa, eta arrantza, elikadura, osasun eta garraio sektoreak aztertuko dituzte adituek, baita “emakumeen lidergoa” ere; izan ere, “klima aldaketaren eragina handiagoa da biztanleriaren sektore ahulenetan”.