Gizartea -
greba eguna
Air Nostrumek 14 hegaldi bertan behera utzi ditu Bilbon, Donostian eta Iruñean
Pilotuek datorren astelehen eta ostiralean ere egingo dute greba. Kaltetutako bezeroek txartelen dirua itzultzeko eskatu edo beste hegaldi bat hartu ahalko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Air Nostrum konpainiak 14 hegaldi bertan behera utzi ditu azaroaren 23an, Seplako pilotuek deitutako greba egunaren ondorioz. Azaroaren 26an eta 30ean ere egingo dute greba. Aire-konpainia produkzioa desbideratzen hasi dela salatu dute sindikatuek. Grebak ehun bat hegaldiri eragingo die Estatuan.
Air Nostrumek bere webgunean argitaratu du gaur eta astelehenean bertan behera utziko dituzten hegaldien zerrenda osoa, eta azaroaren 30ekoak laster argitaratuko dituela jakinarazi du konpainiak.
Kaltetutako bezeroek txartelen dirua itzultzeko eskatu edo beste hegaldi bat hartu ahalko dute, erabilgarritasunaren arabera. Horretarako, Air Nostrumek tarifak "malgutu" ditu hegaldia beste egun batean hartu nahi duten bidaiarientzat.
Txartela iberia.com webgunean erosi dutenek Iberiaren mezu bat jasoko dute, eta bidaia-agentzia baten bidez erosi dutenek bidaia-agentziarekin harremanetan jarri beharko dute.