Gizartea -
Osakidetza
Osakidetzako zuzendariak dimisioa eman du lan eskaintzako irregulartasunen ostean
Maria Jesus Mugicaren ordezkoa Juan Luis Diego Casals izango da.
eitb.eus
Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak dimisioa eman du ostegun honetan, azken lan eskaintza publikoan atzemandako irregulartasunen ostean.
Mugicak dimisioa eman du Osakidetzako Administrazio Kontseiluan, eta erakundeak onartu egin du.
Haren lekua Juan Luis Diego Casals-ek hartuko du. Besteak beste, EiTBko zuzendari kudeatzaile, Eusko Jaurlaritzako Europa Gaietarako zuzendari eta Lehendakaritzako Koordinazio zuzendari izan da.
Atzo, EH Bilduk eta PPk kargua uzteko eskatu zioten Maria Jesus Mugicari, lan eskaintza publikoaren irregulartasunen auzia egindako kudeaketagatik.
Hainbat sindikatuk ere Osakidetzako arduradunen dimisioa eskatu zuten, eta salatu zuten etorkizuneko prozesuak hobetzeko xedez astelehenean Eusko Legebiltzarrean onartutako neurriak "polemika estaltzeko saiakera" zela.
Lan eskaintza polemikoa
Orotara 72.500 aurkeztu ziren azken lan eskaintza publikoaren azterketara, eta hainbat kritika jaso ostean, Osakidetzak barne ikerketa abiatu zuen. Horren ostean, hiru espezializaziotako bost azterketa errepikatzea agindu zuen, irregulartasunak atzeman ostean.
Fiskaltzaren aurrean, baina, 19 espezializaziotako azterketen aurka aurkeztu dira salaketak.
Nola hartu dute alderdiek eta sindikatuek?
Mugicaren erabakiari “errespetua” agertu dio Eusko Legebiltzarreko EAJk. Azken lan eskaintza publikoan atzemandako irregulartasunen aurrean, Osakidetzaren jokabide “arduratsua” nabarmendu dute jeltzaleek.
Osakidetzako zuzendari nagusiaren dimisioa egoera “kaotikoa eta jasanezina” konpontzen ez duen “makillaje” operazio bat baino ez dela adierazi du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak.
Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidearen hitzetan, ez da nahikoa Mugicaren dimisioarekin, eta Jon Darpon Osasun sailburua kargutik kentzea eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.
Erabakia hartzeko arrazoien berri ez duela esan du PSE-EEk, eta azalpenak ematea Osasun Sailari dagokiola erantsi du. EAEko sozialisten iturriek azpimarratu dutenez, “duela urte erdi lan eskaintza publikoaren irregulartasunen berri izan” zutenean bezala, gaur PSE-EEri kezkatzen diona hauxe da: “prozesua berme guztiekin bukatzea, eta datozen deialdietarako hobetzea”.
Osakidetzako zuzendari nagusiaren dimisioarekin “oraingoz konforme” agertu da Laura Garrido PPko legebiltzarkidea. Dimisioa erantzukizun politikoak onartzeko “pauso oso garrantzitsua” dela adierazi du Garridok Legebiltzarreko pasilloetan. “Gauzak ongi egin ez direla onartzen ari dira”, gaineratu du.
Lehendakariak, Darpon “salbatu nahian,” Mugica “sakrifikatu” duela uste du ELAk. Horregatik, lan eskaintza publikoaren ustezko irregulartasunen “arduradun politiko nagusi” gisa sailburua kargutik kentzea berriro eskatu du sindikatu abertzaleak.
Osakidetzako zuzendari nagusiaren dimisioarekin pozik azaldu da ESK sindikatua, baina “Legebiltzarrean agindutako ikerketa batzordea martxan jartzea geldiarazten saiatzeko helburua baino ez du, Darpon sailburuak, Jaurlaritzak eta EAJk parapeto bezala erabiltzeko”.