Gizartea -
ASTE NAGUSIA 2018
Beste bi gizon atxilotu dituzte Donostian, emakumeei sexu-abusuak egitea leporatuta
Arratsaldeko ekitaldi guztietan minutu bateko isilunea egitea erabaki du Udalak eta Kursaaleko disko festa bertan behera utzi dute. 20:00etan protesta izan da Boulevardean.
ERREDAKZIOA
Donostiako Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak beste bi atxiloketa egin ditu gaur gauean bi emakumeri ukituak eta abusuak egin dizkietelakoan.
Udaltzaingoan jarri den salaketaren arabera, erasoetako bat 01:55ean izan da Kursaaleko disko festan. Salaketa jarri duen emakumea adin txikikoa da, eta kontatu duenez, lagun batekin zegoela, gazte bat besotik heldu eta hondartzara eramaten saiatu da, ahoan musukatzen saiatzen zen bitartean. Neskak ihes egitea lortu du eta bertan zeuden bi udaltzainengana jo du.
Udaltzainek gaztea identifikatu eta atxilotu dute.
Gazte hau, gainera, Ertzaintzaren ikerketapean dago, atzo jazotako beste sexu-eraso bat dela eta.
Bigarren atxiloketari dagokionez, Udalak jakitera eman duenez, emakume batek ukituak salatu ditu azken orduotan Ertzaintzaren aurreran eta agenteek ustezko egilea atxilotu dute.
Minutu bateko isilunea eta disko festa bertan behera
Bi atxiloketa hauen berri izanda, Donostiako Udaleko bozeramaileen batzordeak presazko bilera egin du eta, bertan, segidakoa adostu du: erakunde-adierazpena egitea, gaur arratsaldean egiten diren jai ekitaldi guztietan minutu bateko isilunea egitea, eta gaur gaueko disko festa bertan behera uztea, izan ere, inguru horretan gertatu dira azken gertaerak.
Donostiako mugimendu feministak, bere aldetik, protesta-kontzentrazioa egin du 20:00etan Boulevardean.
Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkateak sexu-erasoak gaitzesteko minutu bateko isilunean parte hartu du, eta "existitu behar ez ziren jarrerek Aste Nagusia zikindu" dutela deitoratu du.