Ekonomia -

Protestak

"Soldata eta pentsio duinak" eskatu dituzte milaka pentsiodunek Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin, eguerdian egin dute protesta Gasteizen, eta arratsalderako utzi dituzte mobilizazioak Iruñean, Donostian eta Bilbon.

Bilboko manifestazioa. Argazkia: Europa Press
Bilboko manifestazioa

Jende andana batu da pentsiodunek Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako protestetan

0:42

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pentsiodun eta behargin atera dira Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleetara larunbat honetan, "pentsio eta soldata duinak" exijitzeko.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin, eguerdian egin dute protesta Gasteizen, eta arratsalderako utzi dituzte mobilizazioak Iruñean, Donostian eta Bilbon.

Soldata eta pentsio duinak orain, hemen eta denontzat leloa irakur zitekeen pankartetan. Aldarrien artean, berriz, hauek nagusi: "Gutxieneko soldata justu baten alde" eta "Soldata eta pentsio duinak orain, hemen eta guztiontzat".

Ordezkari sindikalek hartu dute parte manifestazioetan, ELAko Azterketa Bulegoko eta Nazioarteko alorreko kide Aitor Murgiak, besteak beste. Bere egin du deialdiaren leloa, eta bertan nabarmendu duenez, "zaila da soldata duinik gabe pentsio duinak izatea".

LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu ere izan da Bilboko protestan, eta Eusko Jaurlaritzari galdegin dio "bultza" dezala patronala eta defenda dezala gutxieneko soldata "ausardiaz eta erabakitasunez".

Donostian, bestalde, 17:30 pasatxo zirenean abiatu da martxa, Boulevardetik, eta ehunka lagun bildu dira bertan ere.

Protestaren hasieran, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kide Maria Serranok kazetariei egindako adierazpenetan gogorarazi du pentsiodunek zazpi urte daramatzatela kalean beren aldarriak zabaltzen.

Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean tramitatu nahi duten Herri Ekimen Legegileaz hitz egin du mugimendu horretako bozeramaile Ana Tere Diazek. Hain zuzen ere, orain arte jaso dituzten 110.000 sinadurak eramango dituzte Legebiltzarrera, gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata parekatzea eskatzeko.

Gasteizko manifestazioa. Argazkia: EFE

Azaldu duenez, aldaketa horrek 100.000 pentsioduni eragingo lieke (horietatik 80.000 emakumeak dira, eta 8.000 dira 800 eurotik behera kobratzen dutenak). Bereziki, 80 urtetik gorako emakumeak nabarmendu ditu, horien zaurgarritasun egoera are makurragoa delako, baita indarkeria matxista jasaten dutenena ere, baliabide faltagatik ezin baitute etxetik alde egin.

Iruñeko protestarekin bat egin dute ELA eta LAB sindikatuen Nafarroako koordinatzaile Imanol Pascualek eta Imanol Karrerak, hurrenez hurren. Baluarteko plazatik atera dira manifestariak, eta erdigunea zeharkatu ondoren, Sarasate Pasealekuan bukatu dute ibilbidea. Han, komunikatu bat irakurri dute, gutxieneko pentsio eta soldata "justuak" aldarrikatzeko, "landun eta pentsiodun guztiek bizi-baldintza duinak izan ditzaten".

Iruñeko manifestazioa. Argazkia: Europa Press

"Onartezina da finantza erakunde eta energia enpresa handiek etekin markak hausten dituzten bitartean, geroz eta langile eta pentsiodun gehiago egotea pobreziara kondenatuta, diru-sarrera duinak ez dituztelako", salatu dute komunikatuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Pentsioak