Ekonomia -

GREBA HEZKUNTZAN

Greba Hezkuntzan: Sindikatuek % 75ko jarraipena izan dutela diote, Gobernuak % 45ekoa

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek greban jarraitzeko "indarra" agertu dute. Nabarmendu dute Eusko Jaurlaritza "grebek" mugiarazten dutela eta "benetako negoziazioa" eskatu diote Hezkuntza Sailari.

Irakasleen manifestazioa, gaur, Donostian. Argazkia: EFE
Irakasleen manifestazioa, gaur, Donostian

Manifestazio jendetsua Donostian, Hezkuntzako hirugarren greba egunean

0:43

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek gaurko EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko irakasleentzat deitutako grebak "jarraipen zabala" izan du deitzaileen arabera, % 75ekoa, eta "benetako negoziazioa" eskatu diote Hezkuntza Sailari. Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak jarraipena % 45ekoa izan dela adierazi du.

Gaurkoa greba ziklo honetako zazpigarrena izan da. Sindikatu deitzaileen arabera, irakasleen % 75ek egin dute bat gaurko deitutako grebarekin. Atzo eta herenegun ere grebaren jarraipen datu bera eman zuten langileen ordezkariek.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, aurreko egunetan bezala, jarraipen hori % 45ekoa izan dela adierazi du. Azaldu duenez, Ikuskaritza Zerbitzuak eraginpeko 552 ikastetxeetatik 521etan izandako jarraipenari buruzko datuak jaso ditu (ikastetxeen % 94).

Atzo, EAEko hiru hiriburuetan manifestazioak egin ondotik, gaur, irakasleak Donostian atera dira kalera. Eusko Jaurlaritza "grebek" mugiarazten dutela nabarmendu ostean, "benetako negoziazioa" eskatu diote Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek Hezkuntza Sailari, "hitz eta asmo onetatik harago". Adierazi dutenez, balizko akordioak "edukia eta zehaztasuna" behar ditu.

Horrela ez bada, greban jarraitzeko "indarra" dutela nabarmendu dute Hezkuntzako sindikatuek. Ildo horretan, negoziazio mahaiak deitzeko eta edukiak eta zehaztasuna eskatu dizkiote Begoña Pedrosa buru duen sailari.

Aldaketarik ezean, irakasleek hiru greba egun gehiago egingo dituzte apirilaren 1ean eta 2an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza