Ekonomia -
GAZTEEN EMANTZIPAZIOA
Emantzipa laguntzak jasotzeko gehieneko diru-sarrera kopurua igo du Eusko Jaurlaritzak
Laguntza jasotzeko eskaerak aurkezteko epea apirilaren 1ean irekiko da. Baldintzak betetzen dituzten 25 eta 29 urte arteko gazteek hilean 300 euroko laguntza jasoko dute, bi urtez, alokairua ordaintzeko edo etxea erosteko.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak aldaketa batzuk egin ditu 2025eko Emantzipa laguntza deialdian, iaz baino gazte gehiagorengana iritsi ahal izateko. 25 eta 29 urte arteko gazteek hilean 300 euroko dirulaguntza eskatu ahalko dute, bi urtez, alokairua ordaintzeko edo etxea erosteko. Laguntza eskatzeko epea apirilaren 1ean irekiko da.
Aurtengo berritasun nagusia da Eusko Jaurlaritzak igo egin duela dirulaguntza jaso ahal izateko gazte batek gehienez izan dezakeen diru-sarrera kopurua, Nerea Melgosa Gazteria, Ongizate eta Erronka Demografikoaren sailburuak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez. Zehazki, urteko diru-sarrerak 3.000 euro eta 30.000 euro artekoak izango dira gehienez, errenta aitorpena banaka egiten dutenen kasuan. Errenta aitorpena beste inorekin batera egiten dutenek, berriz, 36.500 eurotik beherako diru sarrerak izan beharko dituzte.
Adinari dagokionez, ordea, ez da aldaketarik izan, eta 25 eta 29 urte bitarteko gazteek eskatu ahal izango dute.
"Ezin dugu onartu etxebizitza bat eskuratzea edo aukera ekonomiko on bat bilatzea oztopo gaindiezinak izatea gure gazteentzat. Konpromiso irmo eta sendoa da hori. Konpromisoa gazteekin, haien ametsekin eta aukerekin. Hala egin behar dugu eta egingo dugu" azpimarratu du Nerea Melgosa sailburuak.
2024ko Emantzipa laguntzen balantzea
Iaz Emantzipa laguntza programa abian jarri zenetik, 6.173 gaztek jaso dituzte emantzipaziorako dirulaguntzak, Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera.
Guztira, 8.285 eskabide aurkeztu dira, eta horietatik 6.173 onartu dira. Araban 906 laguntza eman dira; 3.193, Bizkaian eta 2074, Gipuzkoan. Eskaeren % 60 emakumeek egin dituzte, eta % 40, gizonek.
2024ko datuek erakutsi dutenez, gazte gehienek (% 73) alokairurako eskatzen dute laguntza, eta gainerako % 27ak etxebizitza erosteko.
2025eko otsailean eta martxoan, garaiz eta behar bezala ordaindu dira Emantzipa laguntzak, eta aurreko hilabeteetako ordainketa-atzerapena zuzentzea lortu da. 2024ko ekitaldian, 10.366.800 euro esleitu dira guztira. Lurraldeka: Araban 1.596.300 €, Bizkaian 5.308.800 € eta Gipuzkoan 3.461.700.