Ekonomia -

LEHEN SEKTOREA

EAEn eta Nafarroan abereen mugimendua murriztu dute mingain urdina zabal ez dadin

Katalunian, Aragoin eta Balear Uharteetan ere hartu dute prebentzio neurria, eta txertaketa kanpainarekin batera osatuko dute. Birus batek sortzen du gaitza eta ardiei, behiei eta ahuntzei eragiten die.

Besteak beste, ardiei eragiten die gaixotasunak. Argazkia: Mikel Arrazola (Irekia)
Hainbat ardi larre batean.
Besteak beste, ardiei eragiten die gaixotasunak. Argazkia: Mikel Arrazola (Irekia)

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroan, Katalunian, Aragoi eta Balearretan abereen mugimendua murriztu —etetea ere aurreikusten da, bilakaeraren arabera— mingain urdina gaixotasuna gehiago zabaldu ez dadin, Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez.

Mingain urdina gaixotasun birikoa da, Culicoides generoko eltxoen bidez transmititzen dena eta espezie askotako hausnarkariei (behiak, ardiak eta ahuntzak) eragiten diena. Gizakiok ezin dugu gaitza hartu. Eltxoak animalia batetik bestera pasatzen du gaixotasuna, eta haren egoeraren arabera, ondorioak desberdinak izango dira. Animaliaren heriotza ere ekar lezake. 

Euskal Herriko abeltzainek ezagun dute gaixotasuna, 20 urte baino gehiago baitaramatza Penintsulan. 

Abereen garraioa murriztearen helburua da 8 serotipoaren hedapena saihestea, eta abereen txertaketarekin osatuko dute. Animaliak mugitzeko baldintza jakin batzuk bete beharko dira, eta txertatutako abereak baino ezingo dira garraiatu. 

Mingain urdinaren bilakaeraren arabera, mugimendu guztiak debekatzea adostu dute bost erkidegoek. Gizentzeko larreko txahalen mugimenduei, larreen arteko transhumantzia-mugimenduei (itzulerak barne) eta ugaltzeko edo erreposiziorako helmugei eragiten die. Kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuez gain, lekualdaketak egin aurreko 48 orduetan ibilgailuak desinfektatzea eskatzen da.

Mingain urdinaren ezaugarriak. Grafikoa: EITB Media

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Balearrak Abeltzaintza Aragoi