Ekonomia -
Garraio publikoa
Lehenengo pausua garraio publikoa doan egiteko 12 urtetik beherako adingabeentzat EAE osoan
Euskadiko Garraio Agintaritzaren gaurko bileran, gainera, datorren urtean garraio publikoan izango diren deskontuak izango dituzte hizpide.
EITB MEDIA
Euskadiko Garraio Agintaritzak mahai gainean izango du gaurko bileran garraio publikoaren doakotasuna 12 urtetik beherakoei zabaltzea. Gaur egun, garraio publikoa doakoa da 6 urtetik beherakoentzat.
Susana Garcia Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak iragarri zuen asmoa. Bileraren buru izango da gaur, "adingabeen artean garraio kolektiboaren ohitura bultzatzeko eta seme-alabak dituzten familiei laguntza ekonomikoa emateko" asmoz.
Bestalde, garraioaren inguruko EAEko aholku- eta koordinazio-organoa datorren urtean garraio publikoan izango diren deskontuak izango ditu hizpide.
Gainera, sailburuak deskontu sistema bateratua ezartzea du helburu, "lurralde bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta". Erabilera kopurua bakarrik ez, erabiltzaileen ezaugarri sozioekonomikoak kontuan hartuko dituen sistema proposatu zuen Garciak. Erabileraren bidez, zerbitzua doakoa izatera ere iristea planteatzen du ereduak.
Legebiltzarreko batzordean, sailburuak iragarri zuen Bat, Barik eta Mugi garraio-txartelen elkarreragingarritasun prozesua urte honen amaierarako amaituta izatea espero dutela. Arabako, Bizkaiko edota Gipuzkoako edozein garraiobide publikotan erabili ahal izango dira hiru txartelok.