Ekonomia -

Ozeanoan zeharreko hegaldiak

Bilboko Udalak lan egingo du New Yorkerako hegaldiak 2025eko irailetik aurrera luzatzeko

Bitartean, Arabako PPk EAJri eta PSE-EEri leporatu die "ez betetzea Forondarekin hartutako konpromisoak eta Foronda Atlantikoan zeharreko hegaldietarako EAEko aireportu nagusia izango zela iragartzen zuen gobernu-akordioa".

Loiuko aireportua. Argazkia: EFE
Loiuko aireportua. Argazkia: EFE
Loiuko aireportua. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak lan egingo du Bilbo eta New York arteko hegaldi zuzenak (udaberrian hasiko dira martxan) 2025eko irailetik aurrera ere izateko, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur goizean jakinarazi duenez.

United Airlines konpainiak joan den ostegunean iragarri zuen zerbitzu berria, astean hirutan Bilbo eta New York/Newark aireportuak lotzeko, 2025eko ekainaren 1etik aurrera.

Albistearekin "emozionatuta" dagoela esan ostean, Aburtok konexio berri horren alde ekonomikoa nabarmendu du, turistikoa baino gehiago, "loturak lehiakortasunerako faktore bat direlako". Halaber, iragarri du "borrokan" jarraituko duela aireko lotura horrek, "maiatzetik irailera bitartean, etorkizunean jarrai dezan".

Azpimarratu duenez, "mugarri historikoa eta ekonomiaren ikuspuntutik pauso oso handia da garapen ekonomikoa hobetzeko", Bilbon zein Euskal Autonomia Erkidegoan.

Honelakoak izango dira Bilbo-New York hegaldiak
Honelakoak izango dira Bilbo-New York hegaldiak
Honelakoak izango dira Bilbo-New York hegaldiak

0:16

Arabako PP: "EAJk eta PSE-EEk ez dituzte Forondarekin hartutako konpromisoak betetzen"

Loiuko konexioaren iragarpenak, baina, hautsak harrotu ditu maila politikoan. Hala, Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidenteak Forondako aireportuarekin dituzten "konpromisoak ez betetzea" leporatu die EAJri eta PSE-EEri, eta Gasteizko Udalean eta Arabako Batzar Nagusietan Arabako aireportua "indartzeko estrategia bat" eskatuko duela iragarri du.

Ohar batean, Oyarzabalek adierazi du "beste behin ere EAJk eta PSE-EEk Araba atzean utzi" dutela, eta ez dituztela betetzen "Forondarekin hartutako konpromisoak eta Foronda Euskadin aireportu nagusia izango zela iragartzen zuen gobernu-akordioa".

"Berriro ere engainua dela ikusten dugu, Foronda atzean uzten dutela, Forondarentzat plan estrategiko bat ezartzeko gai ez direla", eta "EAJrentzat eta PSE-EErentzat Araba agendan ez dagoela" salatu du.

Oyarzabalen hitzetan, "adituak bat datoz esaten Gasteizek horrelako hegaldietarako baldintza onenak betetzen dituela". "Hemen larriena da Loiuren iragarpenak Arabako erakundeak ezustean harrapatzea", kritikatu du.

Ildo horretan, horren esanetan, "EAJk eta PSE-EEk Araban ez dute euren lana egin" eta "Loiuk erabakiak hartzen dituen bitartean, hemen Udalak eta Aldundiak denbora gehiegi daramate lo".

Iñaki Garcia Calvo Gasteizko PPren bozeramaileak, bestalde, "PSE-EEk eta EAJk Forondaren inguruan etengabe esaten dituzten gezurrak" salatu ditu, eta bi alderdiek "Gasteiz Euskadiko hiriburuaren aurretik Bilbo lehenesten" dutela uste du.

Maider Etxebarria: "Gauza batek ez du bestea baztertzen"

Aitzitik, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak (PSE-EE) adierazi du ez duela uste Loiu New York hiriarekin lotzeak eraginik izango duenik Forondako aireportuak Ozeano Atlantikoan zeharreko hegaldiak hartzeko dituen asmoetan. "Gauza batek ez du bestea baztertzen", erantsi du.

Kazetariek horren inguruan galdetu diotenean, Etxebarriak baztertu egin du euskal aireportuen artean "lehiarik" egotea Atlantikoan zeharreko hegaldiak eskaintzeko orduan.

"Ozeanoa zeharkatzen duten hegaldi asko daude, eta erakundeek lanean jarraituko dugu Forondak horrelako hegaldiak har ditzan", esan du, eta "Forondak bidaiari gehiago hartzearen aldeko apustu garbia" berretsi du; izan ere, "argi dago bidaiari kopurua hobetu behar dela".

"Merkantzietan erreferentzia gara. Duela egun gutxi, DHLk 40 milioi inbertituko dituela jakin genuen, baina bidaiari kopurua hobetzeko apustua argia da", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilboko Udala Gasteizko Udala Araba Turismoa Euskadi New York Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Euskadiko PP Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak Gasteizko Aireportua Maider Etxebarria