Ekonomia -
EITB DATA
Etxebizitza turistiko gehienak kostaldean daude
Kostako udalerriek dute etxebizitza turistiko gehien, hiriburuetatik aparte. Bermeo (Bizkaia) eta Zarautz (Gipuzkoa) daude zerrendaren goiko postuetan.
EITB Media
Hiriburuak alde batera utzita, kostaldeko udalerriek dute etxebizitza turistiko gehien. Erregistratutako kopururik handiena duten 25 udalerrien zerrendatik, lau hiriburuak kenduta, 13 kostaldean daude. Bermeok, Zarautzek, Hondarribiak eta Getxok 100 baino gehiago dituzte, guztien % 13,2. Gipuzkoako bi udalerriek tradizio turistikoa dute; ez, ordea, Bizkaikoek.
Barnealdeko udalerrien artean, nabarmentzekoak dira Tutera eta Lizarra, Nafarroan, eta Barakaldo eta Irun. Batzuk helburu turistikoak dira, neurri batean, eta besteetan nazioarteko azoka erakargarriak izaten dituzte. Udalerri handi samarrak dira, baina beste bi udalerri txiki ere ageri dira zerrendan: Baztan eta Busturia.
Lurralde guztietan, hiriburuak hartzen du etxebizitza turistiko gehien: % 40 inguru; Donostian, baina, % 63. Faktore hori gailentzen da etxebizitza turistikoen banaketan, baita "kosta faktorea" ere.
Udalerri horietan mota honetako etxebizitzek duten eragina aztertzean, Espainian antzeko herri batzuei errepara diezaiekegu, biztanle kopuruan behintzat. Udalerri ertainei dagokienez, Bermeok, Hondarribiak eta Lekeitiok, 1.000 biztanleko 44-51 oheko tasarekin, kostaldeko beste udalerri batzuek baino ratio askoz txikiagoak dituzte, hala nola Llanesek (429 ohe 1.000 biztanleko), Asturiasen, edo Laredok (103 ohe 1.000 biztanleko), Kantabrian.
Bizkaian, Mundaka nabarmentzen da ratio altuagatik (192 ohe 1.000 biztanleko), herri txikia izan arren. Hala ere, Nojakoa (396) baino txikiagoa da, nahiz eta tamainan antzekoak izan.