Ekonomia -
Turismoa Euskadin
Apartamentu turistikoetako sarrerak % 49,1 igo dira martxoan Euskadin
Bestalde, 12.199 sarrera erregistratu ziren landa-ostatuetan, aurreko urteko hil berean baino % 12,7 gehiago.
AGENTZIAK | EITB Media
Euskadik 12.199 sarrera izan zituen martxoan landa-ostatuetan, aurreko urteko hil berean baino % 12,7 gehiago, eta 15.714 apartamentu turistikoetan, % 49,1 gehiago. Aterpetxe turistikoek ere % 35,6ko hazkundea izan zuten sarreretan, guztira 18.377, Eustaten datuen arabera.
Gainera, landa-ostatuetako gaualdiak % 42 igo ziren, 31.415 guztira.
Aurreko urteko martxoaren aldean % 71,1 hazi ondoren, atzerriko sarrerak Euskadiko landa-ostatuetan izandako sarrera guztien % 14,1 izan ziren. Gaualdien kasuan, berriz, guztizkoaren % 13 dira, % 73,7ko hazkundearekin 2023ko martxoaren aldean.
Lurralde historikoen arabera, hazkundea % 43koa izan da Bizkaian, % 38,7 Araban eta % 6,2 jaitsi da Gipuzkoan. Gaualdiei dagokienez, igoera % 69,3koa izan da Araban, % 57,4 Bizkaian eta % 27,4 Gipuzkoan.
Apartamentu turistikoak
Apartamentu turistikoei dagokienez, martxoan 15.714 sarrera izan dira, 54.189 gaualdi eragin dituztenak. Aurreko urteko martxoarekin alderatuz gero, % 49,1 igo dira sarrerak eta % 37,1 gaualdiak.
Sarrera guztien % 25,7 eta gaualdi guztien % 31,1 atzerritar jatorriko bisitariei dagokie, martxoan % 79,2ko eta % 41,6ko urte arteko igoerak izan ondoren, hurrenez hurren.
Aterpetxe turistikoak
Euskal Autonomia Erkidegoko aterpetxe turistikoei dagokienez, martxoan % 35,6ko urte arteko hazkundea izan dute sarrerek, eta guztira 18.377 izan dira, 32.592 gaualdi eragin dituztenak. Bizkaian 20.447 gaualdi izan dira, Gipuzkoan 11.693 eta, azkenik, 452 Araban.
Aste Santua
Landa-ostatuetan, Aste Santuan, osteguna eta igandea bitartean (4 gau), sarrerak % 7,8 murriztu dira 2023koaren aldean, eta gaualdiak % 1,9.
Lurralde historikoei dagokienez, portaera desberdina izan da. Araban sarrerak eta gaualdiak igo egin dira, % 17,4 eta % 8,3, hurrenez hurren; Bizkaian, aldiz, sarreren % 15,7 galdu dira eta gaualdiak % 4 jaitsi; eta Gipuzkoan, lehenengoak % 9,1 jaitsi dira eta bigarrenak % 4,7.
Apartamentu turistikoen kasuan, urte arteko aldaketak % 3,1ekoak izan dira sarreren kasuan eta % -0,8koa gaualdien kasuan.
Sarrerek % 53,6 egin dute behera Araban; Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, % 21,9 eta % 7,1 egin dute gora, hurrenez hurren. Gaualdien kopuruan, bestalde, % 1,8ko igoera izan da Bizkaian, eta % 9,4ko eta % 0,3ko jaitsierak Araban eta Gipuzkoan.