Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
AHTak Erriberabeitian izango duen ibilbidea eta Miranda Ebrorekin lotura baztertu dute Arabako Batzar Nagusiek
EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Arabak mozio bat babestu dute, "ingurumenean, paisaian eta akustikan eragin neurrigabea" duen proiektuaren aurrean "alternatibak" eskatzeko.
Agentziak | EiTB Media
Abiadura Handiko Trenak Erriberabeitia parean izango duen ibilbidea eta Miranda Ebrorekin izango duen lotura baztertu dute Arabako Batzar Nagusiek, aipaturiko proiektuak ingurumenean, paisaian eta akustikan eragin "neurrigabea" izango duela iritzita.
EH Bilduk eta Elkarrekin Arabak Mugikortasun eta Bide Azpiegitura batzordean elkarrekin aurkeztutako mozio bat babestu dute, bi alderdi horiek ez ezik baita Alderdi Popularrak ere. Foru Gobernua sostengatzen duten EAJk eta PSE-EEk, berriz, aurka bozkatu dute.
Mozio horren bidez, Arabako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatu diote eragin hori "gutxitzeko" alternatibak bilatzeko.
Javier Argote EH Bilduko ordezkariaren arabera, proiektuak "eragin oso larriak" ditu, "ingurumen eraginari buruzko azterketak jasotzen duen bezala". Are gehiago, uste du eragin horiek udalerria hondatzerainokoak izango direla.
Elkarrekin Arabako bozeramaile den David Rodriguezek salatu duenez, Rivabellosan egin asmo duten bypass-ak ez du ingurumen inpaktua aztertzen duen ebaluaziorik, nahiz eta 20 metroko altuera izango duen zubibide bat eraikitzea eragingo duen.
Miguel Garnica PPko batzarkidearen esanetan, EAJk eta PSE-EEk "inposatutako" ibilbideak ingurumenean eragina du eta horregatik uste du bizilagunei entzun behar zaiela alternatiba bat emateko.
Ruben Torremocha EAJko batzarkideak proiektua defendatu du, "aurrerapena" ekarriko duelakoan. Hala ere, eragina izango duela onartu du eta horregatik horiek gutxitzeko alternatibak bilatzeko lanena ari direla gaineratu du.
Josu Lopez Ubierna PSE-EEko bozeramailea ildo beretik mintzatu da. AHTaren ibilbideak udalerrian eragina izango diela onartu ostean, horiek gutxitzeko hainbat alegazio onartu direla nabarmendu du.