Ekonomia -
Turismoa Euskadin
Etxebizitza turistikoetako egonaldiak, gora: otsailean % 23 igo ziren sarrerak
Plazen % 30 izan zituzten beteta aurreko hilabetean, Eustaten arabera. Aipatzekoa da partikularrek kudeatutako etxebizitzak ez direla sailkapen honetan sartzen. Ifrentzuan, landa-ostatuetako sarrerak % 3,4 gutxitu ziren.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Gero eta turista gehiagok egiten dute etxebizitza turistikoen aldeko hautua EAEn euren egonaldia egiteko orduan. Eustatek hotelak ez diren establezimendu turistikoen artean egindako azken inkestaren arabera, turisten sarrerak % 22,9 igo ziren otsailean (betiere 2023ko hilabete berarekin alderatuta), eta gaualdiak % 5,4. Hori horrela, apartamentu mota horiek —norbanakoek kudeatzen dituztenak ez dira zenbatzen, enpresek kudeatutakoak bakarrik— 9.885 sarrera eta 39.553 gaualdi hartu zituzten.
Igoera handia da hori hotelek otsailean izandako datuekin alderatuta (% 4,4 igo ziren sarrerak). Dena dela, hotelak dira establezimendu turistiko erabiliena (222.106 sarrera eta 408.489 gaualdi). Landa-ostatuentzat ere ez da hilabete ona izan, sarrerak % 3,4 gutxitu baitziren, 5.836raino, eta horrek ere gaualdi kopurua murriztu zuen (12.196).
Etxebizitza turistikoak eta landa-ostatuak erkatuta, lehenengoek datu hobeak dituzte betetze mailari eta batez besteko egonaldiari dagokionez. Hala, % 30 eta 4 egunekoa izan zen otsailean. Landa-ostatuak, berriz, % 13an egon ziren beteta, 2,09 eguneko batez besteko egonaldiarekin. Azken horrek, baina, gora egin zuen 2023ko otsailarekin alderatuta (2,03 egun).
Bada beste datu deigarririk, landa-ostatuetan Espainiako Estatutik etorritako turistak dira nagusi (% 87,6), eta atzerritarrak % 12,4 dira. Etxebizitza turistikoetan, ostera, jatorri bien arteko banaketa orekatuago dago, eta turisten ia herena (% 29,3) atzerrikoak dira.
Azkenik, aterpetxe turistikoetan 8.115 sarrera eta 16.973 gaualdi izan zituzten otsailean. Sarrerek % 3,6 egin zuten behera, eta gaualdiek, aldiz, % 4,6 gora. Batez besteko egonaldia eta betetze maila landa-ostatuen tankerakoa izan zen (2,09 eta % 21ekoa).