Ekonomia -

Mobilizazioa

Nekazariak Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian elkartu dira, sektorearen egoera salatzeko

Gipuzkoako toki ezberdinetatik atera diren hiru zutabeak Batzar Nagusietan elkartu dira 13:15 aldera.

Nekazarien mobilizazioa Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian. EITB Media
Nekazarien mobilizazioa Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian
Nekazarien mobilizazioa Gipuzkoako Batzar Nagusien atarian. EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako nekazariek Batzar Nagusietara eraman dituzte gaur beren aldarrikapenak, EHNE eta ENBA sindikatuek babestutako lehen mobilizazio handian. 

Guztira 300 ibilgailu (traktore, furgoneta eta lur orotariko ibilgailuak) batu dira, Gipuzkoako toki ezberdinetatik abiatuta, Donostia igaro ostean Batzar Nagusietan amaitu den mobilizazioan.

Legorretatik abiatu da protesta 08:30 aldera, 09:00etan Tolosako Artzabaltza industrialdean egin dute bat, eta handik Andoainera joan dira Pedromiralles gasolindegian beste protestari batzuekin bat egiteko. Kostatik, berriz, 09:00etan abiatu dira Aia-Orioko Ubegun industriagunetik, eta handik Urbil merkataritza zentrora joan dira. Halaber, Errenteriatik ere 09:00etan atera dira protestariak, Masti-Loidi industrialdetik.

Lehen ibilgailuak 11:30 pasatxo zirenean iritsi dira hiriburura. Handik Miramon aldera abiatu dira, eta lehen nekazariak 12:00ak aldera heldu dira Gipuzkoako Batzar Nagusien egoitzara. Hiru zutabeek 12:30ean bat egitea aurreikusten bazen ere, atzerapenak tarteko, 13:15ean elkartu dira.

Han, elkarretaratzea egin eta manifestua irakurri dute antolatzaileek. Geroago, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentearekin eta alderdi ezberdinetako ordezkariekin bildu dira, beren aldarrikapenen berri emateko.

Deitzaileen arabera, 38 erakunde, eragile eta enpresak bat egin dute gaurko protestarekin, lehen sektoreak bizi duen egoera larria salatzeko eta laborarien ustiapenen bideragarritasuna defendatzeko asmoarekin.

Otsailaren 12an kalera atera zituzten traktoreak gipuzkoar laborariek, eta trafikoan eragina izan zuen protestak; N-1 eta N-634 errepideetan, bereziki. Orduko hartan, baina, sare sozialen bidez mobilizatu ziren nekazariak, sindikatuen babesik gabe.

EHNEk eta ENBAk, bestalde, iragarri zuten protesta egutegi bat prestatuko zutela, eta gaur entzungo da aurrenekoz horien aldarria kalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Nekazaritza Lan gatazkak Abeltzaintza enpresak