Ekonomia -

Lehen sektorearen protestak

Nekazariek sektorearen egoera salatu dute Bilbon, hiriburura 100 bat traktore eramanda

Hiru izan dira euren aldarri nagusiak. Batetik, EBko merkatu librea bertan behera uzteko eskatu dute; bestetik, "prezio duinak", kostuak betetzeko modukoak, eta azkenik, burokrazia arintzeko.

Hainbat traktore San Mamesen. EFE
Hainbat traktore San Mamesen.
100 bat traktorek Bilboko Kale Nagusia zeharkatu dute

0:37

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Eutsi baserriari" lelopean, EHNE eta ENBA sindikatuek protesta egin dute gaur 90-100 traktore Bilbora eramanda. Arabako eta Nafarroako nekazariek asteon egin dituzten mobilizazioekin bat egin dute, beraz, bizkaitarrek. Haiek bezala, Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) malgutzeko exijitzen dute: ekoizpen prezioak bermatzea, merkataritza askeko akordioen negoziazioak etetea eta burokrazia arintzea dira eskari nagusiak. 

Traktoreen martxak Durangaldetik, Mungialdetik eta Enkarterritik irten dira goizean goiz. Ibilbide guztia Ertzaintzak lagunduta egin dute, traktoreak ilaran lerrokatuta eta erremolkerik gabe. Hala, errepideetan ez da apenas arazorik sortu, unean uneko ilarak salbu. 

Ibilgailuetan, pankarta ugari eraman dituzte bistan, euren aldarrikapenak ezagutzera emateko. "Baserritik bizi nahi dut", "Gure azkena, zuen gosea", "Baserririk gabe ez dago bizimodurik" eta "Baserriak emakume gehiago behar ditu, eta politikari gutxiago" irakur zitekeen horietako batzuetan.

Hiru zutabeak Bolueta (Ibarsusi), San Ignazio eta Zorrotza auzoetatik sartu dira, eta Udaltzaingoa izan dute lagun Bilboko kaleetan. 

Hiru aldarri

10:30ean, "aurreikusitakoa baino beranduago", San Mamesko zabalgunera iristen hasi dira traktoreak. Unzalu Salterain EHNEko ordezkariak adierazi duenez, hiru dira Bizkaiko nekazarien aldarriak.

Bizkaiko nekazariek dozenaka traktore eraman dituzte Bilbora sektorearen egoera salatzeko
Bizkaiko nekazariek dozenaka traktore eraman dituzte Bilbora sektorearen egoera salatzeko
Bizkaiko nekazariek dozenaka traktore eraman dituzte Bilbora sektorearen egoera salatzeko

0:35

Batetik, Europar Batasuneko (EB) merkatu librea bertan behera uzteko eskatu dute, moratoria ezarrita. Diotenez, politika horrek "galbidera eramango ditu gure baserriak". 

Bigarrenik, ekoizpen prezioak bermatu behar direla azpimarratu dute; izan ere, orain kostuen azpitik ari dira saltzen euren produktuak. 

Azkenik, "burokraziak janda" dauela salatu dute, eta burokrazia arintzeko deia egin diote Europari. 

San Mames utzita, Kale Nagusian barrena joan dira traktoreak, eta handik Areatzara. Azoka "gardena" antolatu dute bertan. Bildotsa 20 euroan saldu dute, eta, bide batez, Zeelanda Berriarekin lortu berri den akordioa salatu; izan ere, Salterainek azaldu duenez, hemendik aurrera herrialde horrek "lehentasuna" izango du EBn bildotsak saltzeko, eta horrek kalte nabarmena egingo dio bertoko animalien salmentari. 

Sei puntutatik, hiru zutabetan

Lea-Artibai eta Durangaldea eskualdeetako traktoreak 08:00etan abiatu dira Abadiñotik, eta N-634 errepidean barrena egin dute hiriburura arteko bidea. Zutabe hori Boluetatik sartu da, eta Ibarsusitik San Mameserako bidea egin du, Udaltzaingoak lagunduta. 

Hain justu, zutabe horrek gorabeherak sortu ditu zirkulazioan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Galdakao parean, pilaketak sortu dira N-634 errepidean, Bilbora bidean. 

Bigarren zutabeak Mungialdea eta Txorierri eskualdeetako nekazariak bildu ditu. Erandion egin dute zita. Asuatik (BI-604) heldu dira Bilbora, gero San Ignaziotik (Elorrieta) sartzeko. Zutabe horrek ilarak sortu ditu BI-711 errepidean, Lutxanan (Barakaldo). 

Nekazariek traktoreak atera dituzte errepidera, Bizkaian antolatutako lehen mobilizazioan
Nekazariek traktoreak atera dituzte errepidera, Bizkaian antolatutako lehen mobilizazioan
Nekazariek traktoreak atera dituzte errepidera, Bizkaian antolatutako lehen mobilizazioan

0:41

Hirugarren eta azken zutabea Enkarterri eskualdeko baserritarrena izan da. Karrantzatik abiatu dira goiztiarrenak, eta Zallan batu dira. BI-6351 errepidea (Cadaguako errepide zaharra) erabili dute Zorrotza auzora heltzeko. 

Bilboko irteerak ere "modu ordenatuan" eta poliziek lagunduta egingo dituztela azpimarratu dute EHNEtik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilboko albisteak Erandio Euskal herriak Bizkaiko albisteak Gizartea Ekonomia Gaurko titularrak Albisteak Zalla Abadiño azken ordukoa Sindikatuak Espainian Nekazaritza albisteak Lea-Artibai Durangaldea gaur Enkarterri gaur