Ekonomia -
TURISMOA
Ia % 25 turista gehiago zenbatu dituzte EAEko apartamentu turistikoetan, 2023an
Landetxeen kasuan, berriz, sarrerak 2022koak baino % 2,3 handiagoak izan dira. Gainera, atzerritarren gaualdi kopurua nabarmen hazi da bai apartamentu turistikoetan (% 26,5) eta landetxeetan (% 16,4).
O. A. | EITB Media
Iaz, 176.781 pertsonak hartu zuten ostatu EAEko apartamentu turistikoetan, 2022an baino % 24,7 gehiago, eta landetxeetan, 172.918 turista zenbatu dituzte, % 2,3 gehiago, Eustat estatistika erakundeak gaur argitaratutako datuen arabera. Gaualdi kopuruaren urte arteko hazkundea % 17koa izan da apartamentu turistikoetan, eta, % 2,8koa, ostera, landetxeetan.
Gainera, atzerritarren gaualdi kopurua nabarmen hazi da bai apartamentu turistikoetan (% 26,5) eta landetxeetan (% 16,4).
EAEko apartamentu turistikoen kasuan, datuek hobera egin dute 2022tik 2023ra bai sarrerei eta baita gaualdi kopuruari dagokionez ere. Guztira, 176.781 sarrera eta 627.157 gaualdi zenbatu dituzte, % 24,7 eta % 17 gehiago, hurrenez hurren.
Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, hirurek hobetu dituzte 2022ko datuak. Apartamentu turistikoetako sarrerak % 40,2 igo dira Gipuzkoan, % 20,4 Bizkaian eta % 13,9 Araban. Gaualdi kopuruari begiratuta, nabarmen gehiago hazi dira Bizkaian (% 20,5) eta Gipuzkoan (% 19), Araban baino (% 3,9).
Apartamentu turistikoetan ostatu hartu zutenetatik % 35,8 atzerritarrak izan ziren, 2022an izandako % 32,7aren gainetik.
Okupazio maila, plazak kontuan hartuta, % 37,1koa izan zen, eta apartamentu guztiak aintzat hartuta, % 62,3, % 1,2 eta % 1 gutxiago, hurrenez hurren.
Landetxeei dagokienez, % 2,3ko igoera izan da sarreren kasuan eta % 2,8koa gaualdien kasuan. Horrela, 2023an 172.918 pertsonak hartu dute ostatu landetxeetan eta guztira 446.374 gau egin dituzte. Sarrerak % 0,3 eta % 4,9 igo dira Araban eta Gipuzkoan, eta, aldiz, % 0,5 jaitsi, Bizkaian.
Gaualdi kopuruetan igoerak izan dira lurraldeetan: % 9,2 Araban, % 3,9 Bizkaian eta % 0,4 Gipuzkoan. Atzerriko bisitariak Euskal AEko mota horretako establezimenduetako sarrera guztien % 25,0 izan dira 2023an, 2022an baino % 18,5 gehiago. Bisitari horietatik % 25 atzerritarrak izan ziren, 2022an atzerritarren portzentajea % 18,5ekoa izan zenean.
Batez besteko egonaldia 2,58 egunekoa izan da 2023an, aurreko urtean baino pixka bat gehiago (2,57). Okupazio maila % 28,9koa izan da plazen arabera neurtuta, eta % 32,8koa, berriz, logelen arabera neurtuta, % 1,6 eta % 1,5 gehiago, hurrenez hurren.