Ekonomia -

Arrantza

Arrantza debekatuta dago jada Bizkaiko Golkoko frantziar uretan, otsailaren 20ra arte

Euskal arrantzaleek haserrea agertu dute, eta ohartarazi dute legatzaren eskaintza murriztu egingo dela. Eusko Jaurlaritzak azaldu du arrain gutxiago harrapatuko denez, litekeena dela prezioak gora egitea.

Arrantza ontziak Hondarribian. Argazkia: Irekia
Arrantza ontziak Hondarribian. Argazkia: Irekia
Arrantza ontziak Hondarribian. Argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak arrantza debekatu du gaurtik, urtarrilaren 22tik, otsailaren 20ra Bizkaiko Golkoko uretan, izurdeak babesteko ernalketa garaian. Espainiako Gobernuak ere iragarri du Bizkaiko Golkoan sare bidezko arrantza debekatuko duela. Hala ere, oraindik ez du zehaztu noiztik nora egongo den indarrean debekua eta zein arrantza-ontziri eragingo dien. 

Euskal arrantzaleek haserrea eta kezka erakutsi dute. Izan ere, Ondarroan, esaterako, bi ontzik portuan geratu beharko dute gaurtik aurrera, eta beste bik oso mugatuta izango dute arrantza egiteko eremua.

Hain zuzen ere, euskal arrantzaleak ezingo dira joan legatza, zapoa edo oilarra harrapatzeko eremuetara, eta, ondorioz, eskaintzak behera eta prezioek gora egingo dutela ohartarazi dute. Zehazki, 120.000 kilo arrain gutxiago harrapatuko dutela aurreikusi dute. 

Frantziako arrantzaleek galeren % 80 estaltzeko dirulaguntzak jasoko dituzte, baina euskal arrantzaleek salatu dute Espainiako Gobernuak % 25 baino ez diela ordainduko.

Debekua ekologisten eta Europar Batasunen eskaera historikoa zen, izurdeak babesteko.

"Prezioak gora egin dezake"

Bestalde, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko, Iraunkortasuneko eta Ingurugiroko sailburuak asteburuan azaldu zuen neurriak alturako lau euskal itsasontziri eragingo diela eta balitekeela "prezioak gora egitea".

Tapiak ohartarazi zuen legatzari eragin diezaiokeela gehien, nahiz eta "hornidura faltarik ez" den egongo. "Hori bai, gutxiago harrapatuko denez, prezioak gora egin dezake", gaineratu zuen.

Horren harira, Tapiak aitortu zuen Jaurlaritzak azterketa "sakona" egingo duela eta gertutik jarraituko duela "Pasaiako lonjan gertatzen dena, bertan egin ohi baita arrain mota horren salerosketa handiena".

Debekuak luzatzeko aukeraz galdetuta, sailburuak esan zuen aztertu egin beharko dela "izurdeak babestea eta aldi berean arrantza iraunkorra nola egin daitekeen". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua albisteak Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Ondarroa albisteak Albisteak Ekologia azken ordukoa Arrantza Frantziako Gobernua Dirulaguntzak