Ekonomia -

Arrantza

Arrantza debekatuta izango da Bizkaiko Golkoko frantziar uretan hilabetez, astelehenetik

Euskal arrantzaleek haserrea agertu dute, eta ohartarazi dute legatzaren eskaintza murriztu egingo dela. Espainiako Gobernuak ere Bizkaiko Golkoan sare bidezko arrantza debekatuko du. Hala ere, ez du zehaztu noiztik nora egongo den indarrean debekua eta zein arrantza-ontziri eragingo dien.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB
Argazkia: EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak arrantza debekatu du urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra Bizkaiko Golkoko uretan, izurdeak babesteko ernalketa garaian. Aurrez Frantziak egin bezala, Espainiako Gobernuak iragarri du Bizkaiko Golkoan sare bidezko arrantza debekatuko duela. Hala ere, oraindik ez du zehaztu noiztik nora egongo den indarrean debekua eta zein arrantza-ontziri eragingo dien. 

Arrantza sektoreko ordezkariak gaur elkartu dira Espainiako Arrantza Ministerioarekin, eta debekua errespetatu beharko dutela jakinarazi diete.

Euskal arrantzaleek haserrea eta kezka erakutsi dute. Izan ere, Ondarroan, esaterako, bi ontzik portuan geratu beharko dute astelehenetik, eta beste bik oso mugatuta izango dute arrantza egiteko eremua.

Hain zuzen ere, euskal arrantzaleak ezingo dira joan legatza, zapoa edo oilarra harrapatzeko eremuetara, eta, ondorioz, eskaintzak behera eta prezioek gora egingo dutela ohartarazi dute. Zehazki, 120.000 kilo arrain gutxiago harrapatuko dutela kalkulatu dute. 

Frantziako arrantzaleek galeren % 80 estaltzeko dirulaguntzak jasoko dituzte. Bestalde, euskal arrantzaleek salatu dute Espainiako Gobernuak % 25 baino ez diela ordainduko.

Eusko Jaurlaritzatik esan dute neurriak ez duela eragin handirik izango, arrantza-ontziak portuan direlako geldialdi biologikoan.

Debekua ekologisten eta Europar Batasunen eskaera historikoa zen, izurdeak babesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena albisteak Arrantza Frantziako Gobernua gaur