Ekonomia -

KONTSUMORAKO PREZIOEN INDIZEA

KPIa % 3,6raino igo da irailean EAEn, eta % 3,4raino Nafarroan

Espainiako Estatuari dagokionez, urte arteko inflazioa % 3,5ekoa izan da irailean, abuztuan baino bederatzi hamarren altuagoa.

Urte arteko KPIaren bilakaera (2022ko irailetik 2023ko irailera). EITB Media
Urte arteko KPIaren bilakaera (2022ko irailetik 2023ko irailera)
Urte arteko KPIaren bilakaera (2022ko irailetik 2023ko irailera). EITB Media

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailean, inflazioak gora egin du eta urte arteko tasa % 3,6an gelditu da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta % 3,4an Nafarroan, energiaren eta elikagaien prezioen igoerak bultzatuta, batez ere.

Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera, urte arteko tasak bederatzi eta sei hamarren egin du gora EAEn eta Nafarroan, % 2,7tik % 3,6ra eta % 2,8tik %3,4ra, hurrenez hurren.

Abuztutik irailera, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) hamarren bat igo da EAEn eta Nafarroan.

Urtea hasi zenetik, prezioak % 3,5 garestitu dira EAEn, eta % 3,4 Nafarroan.

Gipuzkoak eta Bizkaiak izan dute, hain zuzen ere, igoera handiena (% 3,7), eta azkenik Arabak (% 2,9). Abuztutik irailera, prezioak % 0,2 garestitu dira Bizkaian eta % 0,1 merkatu dira Araban eta Gipuzkoan. 

Elikagaiak eta edariak % 9,6 garestitu dira batez beste urtebetean EAEn, eta, % 9,8, Nafarroan. Abuztutik irailera, prezioak mantendu egin dira EAEn, baina Nafarroan hamarren bat igo dira.

Espainiako Estatuan ere, KPIak gora egin du, batez ere, energiaren eta elikagaien prezioak gora egin dutelako. Irailean, urte arteko tasa % 3,5koa izan zen, eta, beraz, bederatzi hamarren hazi da abuztutik. Hortaz, hirugarren hilabetez jarraian gora egin du KPIak. Elikagaiak eta edariak % 10,5 garestitu dira batez beste, urtebetean.

Bestalde, azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hiru hamarren jaitsi da irailean, % 5,8raino. Hortaz, KPI orokorra baino ia 2,3 puntu handiagoa da. Dena den, azpiko inflazioa 2022ko ekainetik izandako txikiena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan EAE Espainia KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elikagaiak gaur albisteak