Ekonomia -

Lan gatazka

Hiru pertsona epaituko dituzte gaurtik aurrera Tubacexeko protestetan parte hartu zutelakoan

Desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako atentatua egotzita, lau urte eta eta zazpi hilabeteko zigorra eskatu dute eurentzat. Epaitegi atarian elkarretaratzea egin dute absoluzioa eskatzeko.

Ertzaintzaren esku hartze bat Tubacexeko langileen protesta batean. Argazkia: EITB Media
Ertzaintzaren esku hartze bat Tubacexeko langileen protesta batean.
Ertzaintzaren esku hartze bat Tubacexeko langileen protesta batean. Argazkia: EITB Media

0:40

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tubacexen lan gatazkaren harira, hiru pertsona epaituko dituzte gaurtik aurrera Gasteizko epaitegian. 2021ean enpresaren zuzendaritzak martxan jarritako erregulazio espedientearen aurka, Laudio eta Amurrioko lantegietan egindako zortzi hilabeteko grebaren testuinguruan izan ziren istiluetan parte hartu zutelakoan auzipetu dituzte.

Auzipetutakoak ez dira Tubacexen langileak, babesa ematera joandako Aiaraldeko hiru gazte baizik. Desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako atentatuaren ustezko delitua leporatzen diete. Fiskaltzak lau urte eta zazpi hilabeteko zigorra eskatu du eurentzat.  

Aurreko epaiketetan bezala, protesta bilkura dago deituta epaitegiaren atarian (08:30etik aurrera). Hiru gazteen absoluzioa eskatu eta "langileriaren kriminalizazio saiakera" salatuko dute. Kritikatu dutenez, lan gatazkaren arabera, jarrera ezberdina izan dute Jaurlaritzak eta Ertzaintzak. 

Arrazoi berarengatik, duela egun gutxi, enpresako beste langile bat absolbitu zuten eta beste bati gutxieneko zigorra ezarri zioten. Urriaren 11tik aurrera Laudioko lantegiko beste bi behargin epaituko dituzte desordena publikoa egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Araba Grebak Tubacex Epaiketak Laudio Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Lan gatazkak Aiarako kuadrilla