Ekonomia -

ETXEBIZITZA

Lasarte, Pasaia, Hernani, Andoain eta Arrasate "tentsio handiko eremu" izendatzea aztertzen ari dira

Kaleratzeak STOP plataformak jakitera eman duenez, Gipuzkoako bost herriotako udaletan datozen hilabeteotan mozioak aurkeztuko dira, toki horiek "tentsio handiko eremu" izenda daitezen.

Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitza arazoari aurre egiteko neurri gisa, Gipuzkoako hainbat udaletan mozioak aurkeztu ditu azken hilabeteotan Kaleratzeak STOP plataformak, herri horiek "tentsio handiko eremu" izendatzeko. Besteak beste, Donostian, Errenterian, Eibarren eta Irunen onartu dira mozioak, eta datozen hilabeteotan Lasarten, Pasaian, Hernanin, Andoainen eta Arrasaten onartzea espero du etxegabetzeen aurkako plataformak. Orain arteko bideaz, "balantze positiboa" egin du.

Kaleratzeak STOP taldearen iritzian, "etxebizitza larrialdi kroniko" baten aurrean gaude, besteak beste, "etxebizitza hutsen", "alokairu sozialeko parke publiko eskasaren" eta "alokairuaren eta hipoteka kuoten prezioen igoeraren" ondorioz. Hori dela eta, neurriak hartzea eta gaia arautzea "ezinbestekoa" dela irizten dio plataformak.

Donostiako Udalean maiatzaren 4an onartu zuten mozioa. PPk izan ezik, gainerako talde guztiek alde bozkatu zuten. Ondoren, uztailaren 16an, Errenterian egin zuen aurrera mozioak. Kasu horretan, EAJ abstenitu egin zen eta PPk kontra bozkatu zuen. Eibarren joan den asteazkenean onartu zuten aho batez mozioa, eta handik bi egunera, Irunen, onartu zuten, EAJren abstentzioarekin eta PPren kontrako botoarekin.

Lasarteko, Pasaiako, Hernaniko, Andoaingo eta Arrasateko udalek irailean dute aurreikusita mozioak aurkeztu eta onartzea.

Aste honetan bertan, Eusko Jaurlaritzak iragarri du Etxebizitza Legea errekurrituko duela EAEren eskumenak urratzen dituelakoan.  Erabaki hori gogor kritikatu du Kaleratzeak STOP plataformak eta esan du mozio gehiago aurkeztea eragingo duela horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Hernani bideoak Eusko Jaurlaritza Arrasate Etxegabetzeak gaur Ekonomia Eguneko albisteak Pasaia Lasarte-Oria Andoain Albisteak Etxebizitza Debagoiena eskualdea