Ekonomia -

Atlantikoko igarobidea

Frantziak bere konpromisoak bete ditzan "ahal duen guztia" egiten ari dela ziurtatu du Europako Batzordeak

Bestalde, Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek eskerrak eman dizkiote Europari Bordele-Hendaia-Gasteiz interkonexioa 2030ean amaituta egon dadin "emandako laguntzagatik".

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia

01:38

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adina Valean Europako Garraio komisarioak azpimarratu du Europako Batzordea "ahal duen guztia" egiten ari dela Frantziak 2030eko data mantenduz proiektu horrekin dituen konpromisoak bete ditzan, eta adierazi du EBk lehentasuna emango diola mugaz gaindiko azpiegituren proiektuak finantzatzeari. Lehendakaritzak "oso positibotzat" jo du gaurko bilera.

Iñigo Urkullu lehendakaria, eta Alain Rousset, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Presidentea, Adina Valean Europako Garraio komisarioarekin bildu dira gaur arratsaldean. Bideokonferentzia bidezko topaketa horren bidez, Atlantikoko korridorearen aurrerapenei heldu ahal izan diete.

Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek eskerrak eman dizkiote Europari, lehenik eta behin, Bordele-Hendaia-Gasteiz interkonexioa, zeina Atlantikoko korridorearen sare nagusiaren zati baita, 2030ean amaituta egon dadin "emandako laguntzagatik", eta, bigarrenik, negoziazioen esparruan, Europako dirulaguntzetan mugaz gaindiko interkonexio horiei lehentasuna eman behar zaiela azpimarratzeagatik.

Pozik agertu dira Europar Batasunak Bordele-Akize linea berrirako eta Euskal Y-rako ikerketei eman dien finantza-laguntzarekin. Jarraian, Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek Espainia eta Frantziaren arteko Atlantikoko korridorearen mugaz gaindiko interkonexioaren egoerari buruzko "kezka sakona" azaldu dute. Ildo horretan, azpimarratu dute beharrezkoa dela, "Europako gidalerroak erabat errespetatuz", abiadura handiko linea berri bat eraikitzea mugaraino, Bordele-Akize linea eta Euskal Y-a lotuko dituena. Izan ere, ohiko linearen hobekuntzak "ez dira nahikoak".  

Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek "atsekabea" agertu diote Europako komisarioari. Izan ere, "arriskua dago Espainiako eta Frantziako gobernuek 2030ean Atlantikoko korridorea osatzeko Europa mailan hartutako konpromisoak ez betetzeko". Hori dela eta, zer neurri hartuko dituen galdetu diote Frantziak eta Espainiak lana bizkortu dezaten. 

Lehendakariak eta presidenteak azpimarratu dute "badela garaia" Europako Batzordeak eskura dituen neurri guztiak har ditzan, estatu kideek eta ukitutako administrazio guztiek betebeharrak "garaiz eta behar bezala" bete ditzaten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Europa Espainiako Gobernua Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Frantziako Gobernua