Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Avanza enpresako langileek hiru greba egun abiatu dituzte
Lurraldebusek % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Zerbitzua hobetzea eta konpainiak mantentze-lan egokiak gauzatzea eskatzen dute langileek.
EITB MEDIA
Avanza enpresako langileek hiru greba egun deitu dituzte, gaurtik hasita, "autobus batzuen egoera kezkagarria" salatzeko asmoz. Lanuzteek Debagoieneko Lurraldebuseko hiriarteko autobusei eragingo diete; Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Bilboko Aireportua lotzen dituzten lineei, besteak beste.
Zehazki, zerbitzua hobetzea eta konpainiak mantentze-lan egokiak gauzatzea eskatzen dute langileek, eta protesta deitu dute gaur 11:00etarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen egoitzaren aurrean. Horrela, Avanza enpresak egiten duen kudeaketa hobeto gainbegiratzeko eskatu diete erakundeei.
ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek deitu dute greba. UGTk, ordea, ez ditu babestu ostiralean (hilak 26), larunbatean (hilak 27) eta astelehenean (hilak 29) egingo diren lanuzteak.
Testuinguru horretan, Lurraldebusek % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu hiru greba egun hauetan eragina izan dezaketen lineetan. Zehazki, hauek dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak:
- Ostiralean, maiatzak 26, aurreikusitako gutxieneko zerbitzuak
- Larunbatean, maiatzak 27, aurreikusitako gutxieneko zerbitzuak
- Astelehenean, maiatzak 29, aurreikusitako gutxieneko zerbitzuak