Ekonomia -
ENERGIA BERRIZTAGARRIAK
Itsaraz parke eolikoaren proiektua jendaurreko informazio fasean sartu da
Statkraft enpresa norvegiarrak Aramaion eta Eskoriatzan parke eolikoa eraikitzeko pausoak ematen jarraitzen du. Gaurtik aurrera, interesa dutenek ekarpenak egin ahal dizkiote proiektuari eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenari.
EITB Media
Statkraft enpresa norvegiarrak Aramaion eta Eskoriatzan Itsaraz parke eolikoa eraikitzeko pausoak ematen jarraitzen du. Eraikiko balitz, aipaturiko udalerri horietan ez ezik, azpiegiturak eragina izango luke Arrasaten (Gipuzkoa), Atxondo, Elorrio eta Abadiñon (Bizkaia) eta Legutio, Arratzua-Ubarrundia eta Aramaion (Araba).
Itsaraz parke eolikoaren proiektua jendaurreko informazio fasean sartu da, eta, gaurtik aurrera, interesa dutenek ekarpenak egin ahal dizkiote proiektuari eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenari, gaur Bizkaiko Aldizkari Ofizialean irakur daitekeenez. Halaber, informazio hori datozen egunetan argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Arabako eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialetan.
Statkraft enpresak aurkeztu duen proiektuaren arabera, Itsaraz parke eolikoak zortzi aerosorgailu (172 metroko diametroa eta 200 metroko altuerakoak) izango lituzke. Halaber, 60,4 megawatt ekoizteko gaitasuna izango luke, 44.000 etxebizitza baino gehiago hornitzeko adina.
Konpainia norvegiarrak 725.000 euro inbertituko ditu ingurumenari lotutako neurrietan, besteak beste, landareak lehengoratzeko, faunarentzako gordeleku artifizialak eta edateko tokiak eraikitzeko eta aerosorgailuak gelditzeko sistemak ezartzeko.
Espainiako Gobernuari dagokio Itsaraz proiektuari buruzko aurretiazko administrazio baimenak eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena izapidetzea.
Proiektua hasierako fasean dago, eta 2026 eta 2027 bitartean eraikitzea aurreikusten du Statkraft enpresak.