Ekonomia -

EITB Data

Inflazioak familiak elikagaietan gehiago gastatzera bultzatzen ditu, gutxiago kontsumitu arren

Elikagaien kontsumoak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan, 18 kilo per capita 2019tik 2022ra. Hala ere, gastua 204 euro handitu da epe berdinean.

EITB Media
EITB Media
EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin elikagaien kontsumoa 2019an baino txikiagoa den arren, elikagaietan egindako gastuak gora egin du inflazioaren ondorioz, EITB Datak egiaztatu duenez Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren urte bakoitzeko urtarrila-azaroko datu metatuekin.

Horrela, elikagaien kontsumoak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan, 18 kilo per capita 2019tik 2022ra. Hala ere, gastua 204 euro handitu da epe berdinean. Espainiako Estatuan ere fenomeno bera errepikatzen da, 37 kilo elikagai gutxiago kontsumitzen baitira, baina 163 euro gehiago erabiltzen dira horiek erosteko. Badirudi Euskadiko batez besteko errenta handiagoak elikagaien erosketa gehiago mantendu duela.

EITB Media

Gastuaren igoeraren arrazoia agerikoa da: inflazioa, azken hamarkadako % 1-2 (urteko) baino askoz handiagoa izaten ari baita. Hala, 2019ra arte, KPIaren igoera % 1 ingurukoa zen; 2019tik 2021era (pandemia ostean), prezioek gorakada handiagoa izan zuten, % 3 ingurukoa; eta Ukrainako gerrarekin eta horren ondoriozko energia krisiarekin, egoera erabat inflazionista bihurtu da 2021etik 2022ra, % 11ko igoerarekin. Gainera, Espainiako Bankuaren arabera, elikagaien prezioa % 12 igoko da 2023an. Egoera horrek zuzenean eragiten die ekoizleei, banatzaileei eta kontsumitzaileei.

Hileko kontsumoak ere behera egin du, bai Euskadin, bai Espainiako Estatuan. EAEn biztanle bakoitzeko 3 kilo gutxiago kontsumitzen dira, eta Espainian 4. Hala ere, gastua 2019an baino handiagoa da bi esparruetan: Euskadin hileko gastua 19 euro handiagoa da, eta Estatuan 15.

EITB Data

Erosketa estrategia aldatzea

Beraz, horren ondorioa kontsumo txikiagoa da, baina baita erosketa estrategia aldatzea ere, produktuak ordezkatuz, eskaintzak bilatzeko erosketa tokiak aldatuz eta produktu galkorrak gutxiago erosiz janari gutxiago alferrik galtzeko.

Joerak

Elikagai-talde nagusietako kontsumo-joerei dagokienez, frutaren eta barazki freskoen (haien prezioak % 19 igo dira) kontsumoak egin du behera gehien, biztanle bakoitzeko eta urteko 11 kilo gutxiagorekin. Beste produktu galkor batzuen kontsumoak ere behera egin du azken urteotan, hala nola esnea eta esnekiak, haragia eta arraina. Azkenik, aurrekoek baino prezio igoera txikiagoa izan duten ogiak eta patatek jaitsiera txikiagoa izan dute kontsumoan.

Aitzitik, arrautzen kontsumoak gora egin du, nahiz eta prezioa gehiago igo den ( % 27) fruta eta barazkiak baino. Funtsezko produktua da, iraupen luzekoa eta haragiaren eta arrainaren ordezkoa, inflazioaren agertokitik onik ateratzea ahalbidetuz.

Bestalde, nahiz eta izugarri garestitu ( % 46), olioaren kontsumoa mantendu da, ezinbesteko produktu izaten jarraitzen du. Era berean, pasta eta arroza, lekaleak eta fruta eta barazki eraldatuek ia toki bera dute kontsumitzaileen saskian. Eraldatutako fruta eta barazkien kasuan (kontserbak), produktu freskoaren ordezko izateko abantailarekin jokatzen dute.

Azkenik, 2019tik 2022ra, plater prestatuen eta edari alkoholdunen kontsumoak gora egin du; azkenekoen kasuan, 5 litro gehiago erosten dira per capita eta urte osoan, nahiz eta haien prezioak % 35 igo diren batez beste. Opilak, galletak, zerealak, txokolatea eta alkoholik gabeko edarien kontsumoak, ostera, behera egin du pixka bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia KPI Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Kontsumoa EITB Data Ongizatea eta osasuna