Ekonomia -

Enpleguaren Euskal Legea

Enpleguaren Euskal Legearen nondik norakoak

Lanbidek zuzendu eta aldundiek, udalerriek eta erakunde pribatuek osatuko dute "enpleguaren euskal sarea". Jaurlaritzak asmo du legea azaroan onartzea.

Enpleguaren euskal sarea. Argazkia: EITB Media
Enpleguaren euskal sarea
Enpleguaren euskal sarea. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enpleguaren lehen Euskal Legearekin —gaur onartu dute proiektua— lan arloa "atontzea" du xede Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, sare bat osatu nahi du, enpleguaren munduan beharrean diharduten 300 agenteak batzen dituena. Informazioa partekatzea eta lan eskaintzen datu base bakarra sortzea bilatuko du sare horrek.

Lanbidek zuzendu eta aldundiek, udalerriek eta erakunde pribatuek osatuko dute "enpleguaren euskal sarea". Jaurlaritzak nahi du legea azaroan onartzea, behin Legebiltzarreko tramitazioa bukatuta. Horrek esan nahi du 2024ko maiatzean sartuko litzatekeela indarrean.

Legearen xehetasunak Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak eman ditu, komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan. Legearen "bokazio eraldatzailea" nabarmendu du, "zerbitzu publikoen bermea baino eraginkorragoa" izatea espero duelako, eta "langileen eta enpresen beharrei erantzungo dielako".

Haren hitzetan, udalek "protagonismo handiagoa" izango dute, herritarren eta enpresen beharrei erantzuteko baliabideak eta eskumena izango dutelako.

Mendiak azpimarratu du EAJ eta PSE-EE "erabat ados" agertu direla lege horrek dakartzan berritasunekin, eta gainerako alderdiekin akordioak erdiesteko borondatea erakutsi du, "Euskadirentzat oso lege garrantzitsua" dela iritzita.

Berritasunak:

1. Lan duina: kalitatezko enplegua politika publiko guztietan.

2. Lanerako plan pertsonalizatuak: 2024ko uztailetik aurrera, hamabi hilabeteko epea irekiko dute lanik gabe daudenek formakuntza plan pertsonalizatua izan dezaten, lan merkatuan sartze aldera.

3. Enplegu eta tokiko garapenerako planak: 10.000 biztanletik gorako udalerriek enplegu eta garapen planak izan beharko dituzte.

4. Enplegu politika aktiboak, bikoiztasunik egon ez dadin: 

Nola?

-Enpleguaren euskal sarearen bidez (aldundiek, udalek, eragile sozial eta ekonomikoek, formakuntza zentroek eta hirugarren sektoreak osatuta).

-Leihatila elektroniko bakarra eta leihatila bana lurralde bakoitzean. Horien bidez izango du erabiltzaileak lan eskaintzen berri. Enpresa guztiek lan eskaintzak plataforma bakar horretan argitaratzea lortu nahi dute. 

-Enpleguaren euskal mapa: Enplegu zerbitzuen eta bete beharreko beharrizanen "mapa" bat eratuko dute.

-Gobernantza eta parte-hartzea: Elkarrizketa sozialak indarra hartuko du, gizarte eragileek paper garrantzitsua beteko baitute enplegu politiken eta politika sozialen diseinuan.

-Finantziazioa, enplegu politika publikoak: Jaurlaritzak, aldundiek eta Eudelek osatuko dute Enplegurako Politika Publikoen Euskal Kontseilua. 

5. Lanbide berria: Eskubide pribatua duen erakunde publiko bat izango da aurrerantzean, eta Jaurlaritzarekin sinatutako lau urteko kontratu batek arautuko du. Aldaketa horrekin tramiteak egiterako orduan arintasuna lortu nahi dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Lanbide Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia azken ordukoa