Ekonomia -

Estrategia energetikoa

EH Bilduk "munduan egoteko beste modu bat" defendatu du klima aldaketari aurre egiteko

Koalizioak estrategia energetiko berri baterako oinarriak proposatu ditu, eta energia subiranotasunean jarri du azpimarra.

EH Bilduren estrategia energetikoaren aurkezpena. Argazkia: EITB Media
EH Bilduren estrategia energetikoaren aurkezpena. Argazkia: EITB Media
EH Bilduren estrategia energetikoaren aurkezpena. Argazkia: EITB Media

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Hego Euskal Herrirako duen estrategia energetikoa aurkeztu du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian.

Koalizioak azpimarratu duenez, "larrialdi ekologiko eta klimatikoaren eta krisi energetikoaren testuinguru historikoan gaude, eta Hego Euskal Herria egoera oso ahulean dago. Arazoa kolosala da; arazo hori erronka handitzat hartu behar dugu, eraldaketa integralerako aukera bihurtu ahal izateko".

Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Pello Otxandiano programa zuzendariak eta Mikel Otero trantsizio energetikorako idazkariak parte hartu dute ekitaldian, eta azpimarratu dute trantsizio energetikoak "eraldaketa ekosozialaren palanka izan behar duela, beste ekoizpen eta kontsumo modu batzuetara eramango gaituena".

Klima aldaketaren erronkari aurre egiteko helburuaz gain, EH Bilduk gaur aurkeztutako estrategiarekin herrialdearentzako "subiranotasun maila handiagoa bilatzen du. Hau da, gure energia-kontsumoa lurralderatzea, gure kontsumoez arduratzea eta, beraz, geure lurraldean energia nola sor dezakegun aztertzea, autosufizientzia-maila handia lortzeko; eta, era berean, ekoizpen-bitartekoak demokratizatzea".

EH Bilduk aitortu du gaur aurkeztutako dokumentua ez dela energia plangintza bat, baizik eta trantsizio energetikorako "norabide politikoa eta oinarri estrategikoak".

Estrategia zedarritzen duten "oinarrizko printzipio" horien artean daude klima aldaketari aurre egiteko betebeharra ("ez dago beste aukerarik"), egungo marko energetikoaren zaurgarritasuna, subiranotasun energetikoa, kontsumo ohituren aldaketa, autosufizientzia, % 100 berriztagarriak diren energien ustiapena, beharren kudeaketa kolektiboa, politika horiek sustatzeko bultzada publikoa, energia sektorearen demokratizazioa eta interes komuna gailentzea.

"Balioen iraultza"

Horren harira, Otegik esan du "balioen iraultza" egin beharra dagoela klima aldaketari eta energia krisiari aurre egiteko, "euskal irtenbideekin, eredu komunitarioa defendatuz".

Koalizioaren koordinatzaile nagusiak uste du "mundu osoan zabaldu diren balio batzuk irauli" egin behar direla, "ugaritasuna bilatzen dutenak, mendebaldeko gizarteetan bereziki indartsu egin direnak".

"Ezin diogu aurre egin energia krisiari eta krisi klimatikoari mundua eta Euskal Herria beste modu batean pentsatzen ez baditugu", adierazi du, EH Bilduren eredua "komunitarioa, guztion artean egindakoa eta herrialdearen interesera egina" izango dela azpimarratu aurretik.

Balio aldaketa horrek "abangoardian" jarriko omen luke Euskal Herria, eta euskal herritarrak "solidarioagoak, internazionalistagoak eta ziurrenik zoriontsuagoak" egingo lituzke, bere esanetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Bizkaia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Energia berriztagarriak Energia aurreztea Energia kontsumoa