Ekonomia -
URTEURRENA
EEE, 40 urte Euskadiko energia eraginkortasunaren alde lanean
Efemeride hori ospatzeko ekitaldi nagusia astelehen honetan egin da Guggenheim Bilbao Museoan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen ekitaldian.
EITB MEDIA
EEE (Energiaren Euskal Erakundeak), bere 40. urteurrena ospatu du astelehen honetan Guggenheim Bilbao Museoan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen ekitaldi batekin. Besteak beste, azken lau hamarkadetan garatu diren proiektu energetiko nabarmenenak izan dituzte hizpide ekitaldian.
Erakundeak egindako lana goraipatu du lehendakariak Guggenheimeko areto nagusian egin den ekitaldi ofizialean, eta orain, energia krisi bete-betean gauden honetan, esan du herritarrek protagonismo handiagoa hartu behar dutela energiaren inguruko erabakietan, eta energia kooperatiben, autokontsumoaren eta energia komunitateen beharra nabarmendu du, energia bera Jaurlaritzaren lehentasun bat delako.
Erakundetik gogorarazi dute Euskadik etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezko azpiegiturak dituela, eta, energia trantsizioa helburu lehenetsia den aldetik, energia iturri berriztagarri eta autoktonoetarantz aurrera egiteko lanean jarraituko dutela.
Energiaren Euskal Erakundea duela 40 urte sortu zuen Jaurlaritzak, finkatutako energia-politikaren oinarriak ezartzeko, eta, ordutik, Jaurlaritzak zehaztutako politikekin bat datozen proiektuak eta ekimenak garatzea izan da bere egitekoa.
Bere misioa da, besteak beste, Euskadiko energia estrategiak proposatzea, horniketa-bermearen, kostuetan lehiakortasunaren, iraunkortasunaren eta garapen teknologikoaren irizpideak aintzat hartuta.
Xede horiek betetzeko, EEEk Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari zerbitzuak ematen dizkio, energiaren eta geologia-meatzaritzako baliabideen gaietan lanak egiten ditu, eta zenbait egitasmotan hartzen du parte erakunde eta enpresak suspertu eta inplikarazteko.