Ekonomia -
Zergak
Espainiako Gobernuak iragarritako neurri fiskalek zer-nolako eragina izango dute EAEn eta Nafarroan?
Ez du zuzenean eraginik izango Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, ez behintzat, zerga horien berariazko aplikazioan. Kontzertu Ekonomikoak eta Nafarroako Itun Ekonomikoak ematen baitie foru ogasunei zuzeneko zergak arautu eta biltzeko eskubidea.
EITB Media
Maria Jesus Montero Ogasun eta Zerbitzu Publikoko ministroak neurri fiskalen sorta bat iragarri du, eta, batez ere, aberastasun handiei, errenta ertain eta baxuei eta sozietateen gaineko zerga ordaintzen dutenei eragiten die.
Hori bai, honek guztiak ez du zuzenean eraginik izango Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, ez behintzat, zerga horien berariazko aplikazioan. Kontzertu Ekonomikoak eta Nafarroako Ekonomi Itunak ematen baitie foru ogasunei zuzeneko zergak arautu eta biltzeko eskubidea.
Eskubide historikoetan oinarrituta, foru ogasunek duten ahalmen bat da hori, eta berari esker, eskubidea dute Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan zuzeneko zergak arautu eta biltzeko.
Zerga horien artean daude errentaren gaineko zerga, baita elkarteen edo ondarearen gainekoa ere. Beraz, horiei dagozkien neurriak, gainerako erkidegoetan bai, baina Euskadin eta Nafarroan ez dira berez bere horretan aplikatuko, ez behintzat, foru ogasunak neurri horiekin ados ez baldin badaude.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, gainera, informazio falta salatzen dute erakundeek. Duela urte batzuk onartutako erreforma fiskala aztertuko badute ere, ez da orain izango; ez da hori egiteko unea, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak behin birritan azpimarratu duenez.
Ondorioz, orain dela momentua ezer aldatzeko dio Jaurlaritzak, ondoren, hori bai, alde biak adostasun batera iritsi beharko dira, estatuan zerga berri bat onartzen den bakoitzean egiten den moduan.
EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile Aitor Estebanek uste du "atsekabegarria" dela Espainiako Gobernuak proposamenak egiteko duen modua, besteak beste, proposamen fiskalak, eta salatu du ez duela "serio" jokatzen. "Hau ez da gobernatzea", adierazi du, "hemen bakoitzak hauteskundeei begira bururatzen zaizkion proposamenak egiten ditu".
"Guk justizia sozialaren alde egiten dugu, eta horrek justizia fiskala esan nahi du. Eta justizia fiskala da ahalegin bat egin dezatela gehien egin dezaketenek, okerrago pasatzen ari diren familiei eta enpresei lagundu ahal izateko", adierazi du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak.
Nafarroan errenta baxuetarako PFEZak izan ditzakeen aldaketei buruz galdetuta, adierazi du "okerren pasatzen ari direnei lagundu behar zaiela inflazioagatik eta energiaren prezioagatik; ikusi behar dugu langileriarentzako laguntzak nola aurrera eraman".