Ekonomia -
Energia aurreztea
Industria energia berriztagarriak "modu masiboan" erabiltzen hastea nahi du Jaurlaritzak
Jaurlaritzak gaur aurkeztu du Kontingentzia Energetikorako Planaren zirriborroa. Egitasmoak dirulaguntzak eta jarduteko proposamenak biltzen ditu, eta gainerako erakundeen eta eragileen esku dago abuztuaren 25a baino lehen ekarpenak egin ditzaten.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu die gainerako euskal erakundeei eta eragileei bere Kontingentzia Energetikorako Planaren zirriborroa. Erakundeei, enpresei eta herritarrei zuzendutako dirulaguntzak eta energia aurrezteko jarduteko proposamenak bildu ditu exekutiboak egitasmoan. Plana osatzeko, Europako 11 herrialdetan hartutako neurriak analizatu dituzte, eta horien ildotik proposamenak egin.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak aurkezpen agerraldian nabarmendu duenez, hemendik aurrera eta hilaren 25era arte, plana aztertu eta ekarpenak egiteko aukera izango dute alde guztiek. "Zirriborroa abiapuntu bat da, ez genuen orri zuri batetik abiatu nahi", arrazoitu du.
49 orrialdeko agiria honakoei bidali zaie: Eusko Jaurlaritzako gainerako sailei, aldundiei, Eudeli, Legebiltzarreko Jasangarritasun eta Ingurumen Batzordeari, hainbat clusterri eta Confebaski. EAEk abuztuaren 31n igorri beharko dio bere behin betiko plana Trantsizio Ekologikoko Ministerioari, eta irailean, beste hainbeste egin beharko du Espainiako Gobernuak, kasu honetan, Europako Batzordeari zuzenduta.
Tapiak azaldu duenez, Bruselak gas kontsumoa % 7 jaisteko eskatu dio Espainiako Estatuari. "Oraingoz" borondatezkoa den helburu hori betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak orduko 1.520 gigawatt (0,12 mila milioi metro kubiko) murriztu beharko luke bere kontsumoa zortzi hilabetean. Murrizketa horrek industriari eta fingailuei eragingo lieke batez ere, eurak baitira kontsumitzaile handienak (gasaren % 47 kontsumitzen dute). "Horren aurrean, neurri garrantzitsuak behar ditugu, baita mekanismo alternatibo bat ere. Zentzu horretan, energia berriztagarrien eta hidrogenoaren alde egin behar dugu", azpimarratu du.
Hori horrela, Sailaren asmoa da industria, egun gas kontsumitzaile handia dena, energia berriztagarriak "modu masiboan" erabiltzen hastea. Enpresek mugikortasun jasangarriagoa edukitzeko pausoak ematea nahiko luke Jaurlaritzak, eta deskarbonizazioan ere aurrera egitea. Horrez gain, garraio flotaren "renove plana" aztertzeko prest azaldu da.
Laguntzak, "ezkutu" gisa
Tapiak zuzentzen duen Sailaren arabera, dirulaguntzak indartzea da energia murrizteko "kontingentzia ezkutu onena". Guztira, 17 laguntza lerro aurreikusi ditu Sailak, administrazioei, industriari eta herritarrei zuzenduta. Dirulaguntza programok indarrean daude denak, eta horietako batzuk "azken hilabetean indartu" ditu Jaurlaritzak. Besteak beste, ibilgailu elektrikoak erosteko MOVES plana, energia berriztagarrien sistemak ezartzeko edota eraikinen zaharberritze energetikoa egiteko laguntzak daude tartean.
Era berean, enpresek berariazko dirulaguntzak izango dituzte, hala nola, gas naturalen garestitzeagatik kaltetutakoei zuzendutakoak edota gasa modu intentsiboan erabiltzen duen enpresei bideratutakoak.
Gainera, Turismo Sailarekin lanean ari dira establezimendu turistikoen artean energia eraginkortasuneko proiektuak sustatzeko laguntza plan bat osatzeko.
Laguntzez gain, komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak areagotuko dira.
Berrikuntzen artean, udalei zuzendutako aholkularitza teknikoko lerro bat jarriko dute martxan. EVE Energiaren Euskal Erakundeak eta IHOBEk emango dute aholkularitza tokiko erakundeei legeak eskatzen dien auditoretza energetikoa egiten laguntzeko.
EH Bilduren ustez, "neurri kosmetikoak" iragarri ditu Jaurlaritzak
Jaurlaritzak plana aurkeztu eta berehala etorri dira erreakzioak. EH Bilduk, txio batean, exekutiboaren "neurri kosmetikoak" kritikatu ditu. Izan ere, koalizio subiranistaren ustez, "gaur iragarritakoak erakusten du ez dagoela planik, ez ideiarik, eta errentetatik bizitzen jarraitu nahi dela".
Horri kontrajarriz, krisi energetikoari eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko "egiturazko aldaketak" aldarrikatu du EH Bilduk.