Ekonomia -
Uztailak 28
Bilboko metroko lanuzteak % 21eko jarraipena izan du, enpresaren arabera
Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, % 30ekoak. ELAk, CIMek, UGTk eta Trenbide Makinisten Espainiako Sindikatuak deitu dituzte lanuzteak; helburua da hitzarmen kolektiboaren gaineko negoziazioan presioa egitea, eta makinisten lan baldintzetako aldaketen aurka protestatzea.
EITB MEDIA
Gaur, osteguna, lanuzte eguna da Bilboko metroan. Aurrekoetan bezala, lanuzteak 6:30etik 9:30era izan dira goizeko txandan, eta 18:30etik 21:30era izango dira arratsalde-gauekoan. Goizeko lanuzteak % 21eko jarraipena izan du, eta enpresaren arabera, 210 langiletik 45k egin dute bat protestarekin.
Hiru orduko geldialdian, 9 tren gehigarrik Eusko Jaurlaritzak ezarritako % 30eko gutxieneko zerbitzuak handitu dituzte, eta, beraz, % 41,5eko zerbitzua lortu da. Metro Bilbaoko zuzendaritzak gaineratu duenez, "uneoro errespetatu dira grebarako eskubidea eta hitzarmen kolektiboan jasotako lan-eskubideak". Tren gehigarriek "gorabeherarik gabe" egin dituzte joan-etorriak goizeko puntako orduan.
Abuzturako eta irailerako 11 lanuzte egun iragarri dituzte sindikatuek, 13:45etik 16:45era.
ELAk, CIMek, UGTk eta Trenbide Makinisten Espainiako Sindikatuak deitu dituzte lanuzteak; helburua da hitzarmen kolektiboaren gaineko negoziazioan presioa egitea, eta makinisten lan baldintzetako aldaketen aurka protestatzea.