Ekonomia -
MOBILIZAZIOAK
Erosahalmenaren defentsan manifestazioak antolatu ditu Eskubide Sozialen Kartak hilaren 26rako
Hitzordu guztiak 19:00etan hasiko dira. Gasteizen Andre Maria Zuritik aterako da, Bilbon, Arriagatik; Donostian, Boulevardetik eta Iruñean, Autobus Geltoki Zaharretik.
EITB MEDIA
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestazioak deitu ditu maiatzaren 26rako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, soldatak, pentsioak eta gizarte-prestazioak erosteko ahalmena defendatzeko, eta, horrela, aberastasuna banatu eta bizitza duina bermatzeko.
"Prezioen igoera handia jasaten ari gara. Iazko inflazioa (% 6,5) koiunturala zela esan ziguten. Ez zen egia. Eta orain, urte arteko KPIa % 9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Hori ere ez da egia", azaldu du adierazpen batean.
Zentzu horretan, Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek azpimarratu dutenez, "prezioen gorakadaren % 70 Ukraniako guda baino lehen gertatua zen", eta gaineratu du bizitzen ari garen inflazioaren jatorria egiturazkoa dela, "sistema kapitalistaren berezko espekulazioagatik edo elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemagatik.
Oharrean zehaztu dutenez, "botere ekonomiko eta politikoek pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen, langile eta herritarron erosahalmena erasotuz".
Gauzak horrela, manifestazioak deitu dituzte Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan. Hitzordu guztiak 19:00etan izango dira. Gasteizen Andre Maria Zuritik aterako da manifestazioa; Bilbon, Arriagatik; Donostian, Boulevardetik eta Iruñean, Autobus Geltoki Zaharretik.
Besteak beste, soldatak eta pentsioak KPI errealaren igoerarekin eskatuko dituzte, baita produktu energetiko guztien prezioak kontrolatzea eta mugatzea ere. Era berean, sektore energetikoaren publifikazioa eta kontrol publiko eta soziala, elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema marjinalista aldatzea, konpainia elektrikoek jasotzen dituzten "bidesari klandestinoak" ezabatzea eta trantsizio energetikoa demokratikoki planifikatzeko ibilbide-orri bat eskatuko dute.