Ekonomia -

Ostalaritza

Pandemian jarritako terrazak "arrazoizkoa den epean", uda baino lehen, kendu nahi ditu Donostiako Udalak

Ostalariek, ordea, udara amaiera arte eutsi nahi diote. Eneko Goia alkatearen irudiko, "indarrean dagoen ordenantza ez betetzeko arrazoi bakarra salbuespen egoera da".

Pandemia garaian aparkalekuetan jarri zituzten terrazak uda baino lehen kendu nahi ditu Goiak. EFE
Donostiako taberna bateko terraza.
Pandemia garaian aparkalekuetan jarri zituzten terrazak uda baino lehen kendu nahi ditu Goiak. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemian, salbuespen egoeran, handitu edota ezarri ziren terraza berriak "arrazoizkoa den epean", uda baino lehen, kendu nahi ditu Donostiako Udalak, Eneko Goia alkateak gaur jakinarazi duenez.

Goiak Intxaurrondo auzoan eraberritu duten Intxaurralde Zahar Etxearen inaugurazioan eman du asmoaren berri. Aurreratu duenez, datorren astean bilduko da ostalariekin, data zehazte aldera. "Arrazoizkoa izan daitekeen epe bat adostu" nahi dutela azpimarratu du, baina ohartarazi duenez, "arrazoizkoa ez da udara eta gero".

Ostalariek, aldiz, udara amaiera arte eutsi nahi diote neurriari. Euren ustez, tabernari txikientzat "ezinbestekoak" dira. Mikel Ubarretxena Gipuzkoako ostalarien presidenteak Euskadi Irratiari azpimarratu duenez, "terraza horiei esker egon dira zabalik taberna txiki asko, eta horiek mantendu dute bizi ostalaritza". Terrazok kendu behar badira, gaur egungo ordenantza aldatzea eskatu diote Udalari.

Tabernariei erantzunez Goiak esan duenez, "uler dezaket, bakoitzak bere ikuspegia eta interesa defendatzen duelako, baina indarrean dagoen ordenantza indarrean dagoen ordenantza da, eta hori ez betetzeko arrazoi bakarra salbuespen egoera da".

Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere aurki desagertuko dira. Bilbon maiatzaren 30ean kenduko dituzte, eta Iruñean, sanferminak pasatuta. Gasteizen, azkenik, ordenantza aldatu dute eta urte guztian paratu ahalko dira terrazak, zorura lotuta eta berogailuarekin hornituta. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Donostia bideoak Gipuzkoa Eneko Goia Gizartea bideoak Ekonomia Gaurko titularrak Albisteak Donostiako Alde Zaharreko albisteak Jatetxeak azken ordukoa Ostalaritza Euskadin Koronabirusari lotutako azken orduko albisteak