Ekonomia -
Garraiolarien greba
Premiazko neurri zehatzak berehala ezartzea eskatu dute garraiolariek, martxoaren 29ra arte itxaron gabe
Garraiolariek Espainiako Gobernuari aurpegiratu diote ez duela argitu noiz eta nola ezarriko dituen astelehenean iragarritako laguntzak, eta azpimarratu dute ez duela zentzurik martxoaren 29ra arte itxaroteak premiazko neurriak hartzeko.
Agentziak | EITB Media
Greban bederatzigarren eguna bete dutenean, Euskal Herriko garraiolariek salatu dute Espainiako Gobernuak ez duela argitu noiz eta nola ezarriko dituen erregaiaren prezioa murrizteko atzo iragarri ziuen 500 milioi euroko laguntza, eta ulertezintzat jo dute martxoaren 29ra arte itxarotea premiazko neurriak hartzeko.
Santi Sanchez Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteko (Transport) bozeramaileak adierazi du orain arteko egoera "gogorra" izan bada, datozen egunetan "okerrera" egingo duela, duela bederatzi egun hasitako protestan atzera egingo ez dutela ziurtatuta.
Sanchezek uste du Espainiako Gobernuak iragarritako 500 milioi euroko neurriekin ez dela sektorea salbatuko, eta konponbide integrala lortzeko gasolioaren prezioa merkatzearekin nahikoa izango ez dela erantsi du.
Egoera zein den ulertzeko ondoko adibidea jarri du: Asturiasera joan behar duen garraiolari bati 600 euro ordaintzen zaizkio, 450 erregaian gastatzen du eta horri beste gastu batzuk gehitu behar zaizkio: zergak, gurpilak, olioa… "Kamioiak ez du ematen. Denbora luzea daramagu horrela eta jendea lehertu egin da", nabarmendu du.
Testuinguru honetan, Sanchezek esan du ulertezina dela Espainiako Gobernuak premiazko neurririk hartu ez izana erregaiaren prezioaren gorakadari aurre egiteko.
"Ez dugu ulertzen herrialde osoa martxoaren 29an gertatu daitekeenaren zain egotea", adierazi du.
Ildo horretan, ziurtatu du datozen egunetan egoerak "okerrera" egingo duela, kontuan hartuta azken orduetan patronal gehiago, besteak beste, Fenadismer, batu direla grebara.
Bestalde, lanuztearekin bat egin gabe segitzen duen Gipuzkoako Garraiolarien Elkarteak (Guitrans) Pedro Sanchezen Exekutiboari "laguntza zuzenak" eskatu dizkio, "sektoreko milaka langileren, enpresen eta autonomoen biziraupena bermatzeko".
"Gobernuak 500 milioi euroko laguntzak agindu ditu gasolioaren prezioa murrizteko, baina ez dute argitu noiz eta nola egingo duten, ezta zein eragin izango duen enpresetan", kritikatu du.
Guitransek azpimarratu du "salbuespeneko egoera batean" gaudela eta Ukrainako gerrak dena "desorekatu" duela, eta, beraz, "salbuespeneko premiazko neurriak datorren ostirala baino lehen" hartzea ezinbestekoa dela berretsi du.
Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak, berriz, Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien inplikazio zuzena eskatu du sektorearen arazoei irtenbidea emateko.
Kamioilarien protesta Iruñean
Bestalde, Nafarroako garraiolarien protesta asteartean itzuli da Iruñeko erdigunera, garraioaren sektorearen egoera "kritikoa eta jasanezina" salatzeko. 200 kamioik baino gehiagok euren bozinak jo dituzte Tradisnak (Nafarroako Garraiolarien Elkarteak) deitutako "karabana geldo" batean, gasolioaren prezioaren igoera "basatia" salatzeko, sektorean "ziurgabetasun handia" sortzen baitu, kolektibo profesional horren esanetan.
Kamioien martxa Imarcoaindik (Garraioaren Hiria) abiatu da eta AP-15 autobidea, Zaragoza etorbidea, Vianako Printzearen plaza, Nafarroa Beherea, Belosoko aldapa, Bizcarmendía biribilgunea, Arre, P30 eta AP-15 hartu ditu eta Garraioaren Hirira itzuli da.
Tradisnak gogorarazi duenez, azken hilabeteetan, autonomoak eta errepide bidezko salgaien garraioan aritzen diren enpresa txiki eta ertainak gasolioaren prezioaren igoera jasaten ari dira.
Kamioilarien esanetan, presioa egitea beste erremediorik ez dute, eta gero eta sektore gehiagok pairatzen dituzte grebaren ondorioak, baina elikagaien hornidura bermatuta dago.
Bestalde, Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak esan du Espainiako Gobernuak garraioaren greba "ahalik eta lasterren" desaktibatzen saiatu beharko lukeela, martxoaren 29an egingo den hurrengo Ministroen Kontseiluan neurriak hartu arte itxaron gabe.
Bitartean, Eusko Jaurlaritzak Ukrainako Gerrari Erantzuteko Planerako Konferentzia Sektorialean "premiazko" neurriak hartzea planteatu du, besteak beste, "energiaren prezioaren arazoa konpontzeko" eta "hornidura-alternatibak" emateko, enpresen geldialdiak saihesteko.