Ekonomia -

Elkarrizketa

Tapia: "Ez dut uste Euskadin itzalaldirik egongo denik"

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua Glasgown da, COP26 goi bileran. Gaur, Regions4 foroaren baitan, "maila ezberdinen arteko gobernantza" eta neurri zehatz eta berehalakoak" hartzea defendatuko du Jaurlaritzak.

Arantxa Tapia, Maria Suarez kazetaria ondoan duela. Argazkia: EITB Media
Arantxa Tapia, Maria Suarez kazetaria ondoan duela.
Arantxa Tapia, Maria Suarez kazetaria ondoan duela. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren ustez, "Euskadin ez da itzalaldirik egongo", argindarraren eta energiaren prezioen gorakadak "ziurgabetasuna" sortzen duela aitortu badu ere.

Sailburua Glasgown dago egunotan, COP26 goi bileran. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean esan duenez, Eusko Jaurlaritzak agiria aurkeztuko du Regions4 foroaren baitan, eta besteak beste, "maila ezberdinen arteko gobernantza" eta neurri zehatz eta berehalakoak" hartzea defendatuko du.

Efizientzia energetikoaren aldeko apustua egiten jarraitzearen alde agertu da Tapia, baita energia berriztagarri gehiago sortzearen alde: "Parke eoliko gehiago behar ditugu, zalantzarik gabe, baina baita parke fotovoltaikoak ere. Ekian jarri dugu martxan, EKIENEA dimentsio nabarmeneko proiektua da (...) eta ezin dugu efizientzia energetikoa ahaztu, jorratzen jarraitu beharko dugu, ezinbestekoa izango baita 2050era modu egokian heltzeko".

Fracking-aren eztabaidaz galdetuta (Arabako lur azpitik gasa ateratzeko proiektua eduki zuen Jaurlaritzak), sailburuak "itxitzat" jo du Espainiako Estatuan Klima Aldaketaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legea onartu zenetik, baina gogoeta egin beharra dagoela uste du: "Zer kosta da gehiago, zerk kutsatzen du gehiago? urruneko herrialde batetik gasa ekartzea, edo gertuago dugun lur azpi batetik?". Horren ildoan, gogorarazi du Europa osoan horren inguruko hausnarketa egiten ari direla. "Alemania klima aldaketaren kontra ekiteko oso konbentzituta dago, baina iaz herrialdeko ikatz zentral handiena ireki zuen; Frantziak ere energia nuklearraren aldeko apustuari eusten dio. Europak ondo pentsatu behar du trantsizio hori modurik ordenatuenean egitea, zuzenean eragiten baitio klima aldaketari", azpimarratu du. 

Azkenik, Abiadura Handiko Trenak (AHTa) emisiorik gabeko planean duen lekuaz galdetuta, Tapiak erantzun du tren lasterrak bete egiten dituela egitasmoaren baldintzak: "Tren elektriko hori energia berriztagarriarekin hornitzen badugu, ez du kutsatuko, zero emisio izango ditu. Gainera, eraikitzeko orduan ekonomia zirkularra txertatzea lortzen badugu, isuri gutxi eragingo ditu".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Elektrizitatea Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak NBEren klimari buruzko goi-bilera Energia ekoizpena gaur