Ekonomia -
JOKOAREN ARAUDI BERRIA
Hauek dira Euskadiko apustu-etxeen eta joko-aretoen gaineko neurri berriak
Neurri berriak datorren urtean sartuko dira indarrean. Helburua eskaintza doitzea, joko patologikoa prebenitzea eta osasun publikoa bermatzea dira.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak jokoaren araudia zorroztu du, eskaintza egokitzeko, joko patologikoa prebenitzeko eta osasun publikoa bermatzeko. Hauek dira datorren urtean indarrean sartuko diren neurri berriak.
- Joko-establezimenduen arteko gutxieneko distantzia fisikoak mugatuko dira. Hala, edozein eratako joko-aretoen arteko nahitaezko gutxieneko distantzia 500 metrokoa izango da. Era berean, ezingo da joko edo apustu etxerik egon ikastetxe arautuetatik 150 metrora baino gutxiagora.
- Euskadiko joko-aretoen kopurua ere mugatuko da. Hiru kasino, lurralde historiko bakoitzeko bat, hipodromo bat, 14 bingo, 60 apustu-etxe eta 170 joko-areto egongo dira soilik, araudi berriaren arabera.
- Ez da makinak ustiatzeko baimen berririk emango. Horrez gainera, joko-postu bakoitzak 3 metro karratu izatea ere ezarriko da.
- Nahitaezkoa izango da joko-areto guztietako sarrerak kontrolatzea, baita ostalaritza eremuetakoa ere. Lokalek adingabe guztien, ahalmena mugatuta dutelako debekatu gisa erregistratuta dauden pertsonen, euren buruari sartzea debekatu dietenen eta abarren sarrera kontrolatu beharko dute.
- Publizitatean murrizketak indartuko dira. Debekatuta egongo da jokoari buruzko publizitatea egitea komunikabideetan 06:00etatik 24:00etara. Aldi berean, ezingo da ospe publikoa duten pertsonekin edo adingabeekin egindako iragarkirik argitaratu eta publizitateak ezingo du iradoki jokoa dirua azkar eta ahaleginik egin gabe lortzeko metodo erraza dela.
Era berean, kirol ekipamenduak edo kamisetak ezingo dira babestu jokoaren arloko establezimendu, enpresa edo operadoreekin eta debekatuta geratuko da kirol-zentroetatik 150 metrora baino gutxiagora publizitate liburuxkak banatzea edo kanpoko publizitatea jartzea.
- Zabaldu egin da debekatuen erregistroan izena eman ahal izateko lekuen sarea. Osakidetzan eta errehabilitazioko elkarteetan ez ezik, izen-emateak ertzain-etxeetan, joko-aretoetan bertan eta online jokorako etxeetan ere egin ahal izango dira.