Ekonomia -
Pentsioak
Pentsioen erreformaren aurka egitea eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari
Astelehen honetan egindako manifestazio baten bidez, pentsiodunek eskaera egin diete bi erakundeei, Pentsioen Sistema Publikoaren pribatizazioaren aurkako jarrera aktiboa izan dezaten; Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ostegunean egingo du manifestazioa Eusko Legebiltzarraren aurrean.
Agentziak | EITB MEDIA
Ehun bat pentsiodunek manifestazioa egin dute eguerdian Iruñean; horren helburua izan da Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari eskatzea jarrera aktiboa izan dezatela bi kontu jakinen kontra: hain zuzen ere, pentsioen erreformaren barnean dauden murrizketen aurka (erreforma hori negoziazio-fasean da), alde batetik, eta, bestetik, Pentsioen Sistema Publikoaren pribatizazioaren kontra. Bilbon, bitartean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak protesta egin du Bizkaiko hiriburuko Udaletxearen ondoan, astelehenero bezala, eta iragarri egin du ostegunean manifestazioa egingo duela Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen.
Onekak, Nafarroako Pentsionistak Martxan elkarteak eta Sasoiak deituta, Iruñeko mobilizazioa Udaletxearen aurrean hasi da, astelehenero egiten duten bezala, eta, gerora, Foru Gobernuaren eta Parlamentuaren egoitzen aurrean kokatu da. Bertan, idazkia eman dute pentsiodunek, eskaerak zehaztuz.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Benito Utergak, Nafarroako pentsiodunen taldearen bozeramailea bera, gaitzetsi du "orain proposatzen ari diren neurriak pentsioen sistema publikoa ahultzen" ari direla, indartu beharrean.
"Epe luzean pentsioen sistema publikoa bermatu nahi omen dute; hori aitzakia hartuta, hainbat erreforma ezarri dituzte jada, eta, horien ondorioz, pentsioak bera eta eskasagoak dira", salatu du.
Esan duenez, Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa "Zapateroren erreforman sakontzearen aldekoa da, eta horrek ekarriko du hasierako pentsioak askoz ere gehiago murriztuko direla, nahiz eta aukera dagoen gerora KPIa planteatzeko"; izan ere, azaldu duenez, arazoa da zein kopururekin eskuratzen den hasierako pentsioa.
Hori saihesteko, Utergak nabarmendu duenez, pentsiodunek eskatzen dute 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformak indargabetzea: "Pentsioak zigortzen dizkiete sisteman sartzen ari diren hainbat herritarrei, erosteko ahalmenean galerak eraginez"; horrez gain, galdegiten dute gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila, "Europar Batasunaren Gizarte Eskubideetako Gutunak gomendatzen duenarekin bat".
Gainera, esan du beharrezkoa dela gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izan dadila, eta Gizarte Segurantzak soilik bereak gastuak har ditzala bere gain.
Pentsiodunen mugimenduak, horretaz gain, eskatu du murrizketarik ez egotea osasun-arloan eta arlo soziosanitarioan; izan ere, murrizketa horiek ondorio txarrak dakartzate mendekotasuna duten pertsonentzako arretan. Halaber, galdegin du energia publikoaren ekoizpenak eta komertzializazioak bermatzea hiritarrek eskuratu ahal izatea hori bezalako lehen arretako zerbitzu bat.
Ostegunean, Legebiltzarraren aurrean
Bitartean, Bilbon, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarri du ostegunean mobilizazioa egingo duela Gasteizen, Legebiltzarraren aurrean. Astelehenero 2018tik egiten dutenez, elkarretaratzea egin dute eguerdian, Bizkaiko hiriburuan, Udaletxearen ondoan.
"Hiru urte baino gehiago daramatzagu hainbat aldarrikapen egiten, eta gure eskaerak aintzat hartu behar dituzte behingoz. Eskatzen dugu 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen murrizketak indargabetzea, eta iraunkortasuneko faktoreak eta, kotizatutako 40 urte izatekotan, aurreratutako erretiroaren koefiziente erreduktoreak ere bertan behera uztea; horrez gain, eskatu egiten dugu gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, eta neurri egokiak, soldatetan eta pentsioetan genero-arrakalari amaiera emateko", zehaztu dute pentsiodunek.
Haien iritziz, pentsioen sistema publikoa bermatze aldera, nahitaezkoa da 2010eko eta 2012ko lan-erreforma indargabetzea, kalitatezko lana sortzea, gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, eta lanaldia murriztea, lana eta aberastasuna banatu ahal izateko.