Ekonomia -
AURREKONTUAK
Azpiazu: "Inbertsio publikoa 2022ko aurrekontuaren bereizgarria da"
Gobernu Kontseiluak astearte honetako bileran onartu ditu 2022ko aurrekontuak prestatzeko jarraibide nagusiak, tartean, inbertsio plan handia.
EITB MEDIA
2022ko aurrekontuak lantzeko jarraibide nagusiak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran, fokoa ekonomiaren susperraldian eta eraldaketan jarrita. Horri lotuta, inbertsio plan "handia" diseinatu eta jarriko du abian. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azpimarratu duenez, "aurrekaririk gabeko aukera da", 2023ra arte inbertsio publikoa maximizatzea eskatzen duena. Ildo horretan, aurreratu duenez, "inbertsio publikoa 2022ko aurrekontuaren ezaugarria da".
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, 2022ko aurrekontuek covid-19ak eragindako krisiari eta ondorio ekonomiko eta sozialei egin behar diete aurre.
Eusko Jaurlaritzaren iritziz, aprobetxatu egin behar da Europako Batzordeak aurrekontu-egonkortasunaren, gastu-arauaren eta zor publikoaren araua malgutu izana, eta, aldi berean, Next Generation izeneko salbuespenezko funtsa abian jarri izana.
"Aurrekaririk gabeko 2023a izango da; horretarako, inbertsio publikoa maximizatu beharko da eta, horrela, baimendutako mugak estutu eta eskuragarri dauden baliabide guztiak erabili", esan du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko Sailburuak. Hala, "salbuespenezko egoerak, zerga-arauen etenarekin, gastu-araua berriro abian egon aurretik inbertsio-plan horri berehala heltzera bultzatzen du; beraz, inbertsio publikoa 2022ko aurrekontuaren ezaugarria da", gehitu du.
Inbertsioarekin batera bigarren ardatz transbertsala izango dena aipatu du: genero ikuspegia. Iragan legegintzalditik abian dago eta horri esker "aurrekontuek genero ikuspegi integrala dute".
Bi alderdi horiek sendotzeko (inbertsioa eta genero-berdintasuna), Euskadiko sektore publikoko sailen, erakundeen eta entitateen inpaktu-txostenak prestatu beharko dira, aurrekontuen proiektua zehaztu aurretik
Bestalde, hurrengo hiru urteetan Euskadik hiru trantsizio handiei heldu beharko diela azpimarratu du: trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta soziala, eta osasun arlokoa. Azken hori erronka demografikoak markatuko du.
Aurreikuspenen arabera, aurrekontu proiektua urriaren 26an onartuko da Gobernu Kontseiluan.
Euskal ekonomia
Iragan udatik koronabirusaren kutsatzeetan izandako gorakadek krisialdi ekonomikoaren irteera atzeratu dute, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita inguruko herrialdeetan ere. Hala ere, sailburuaren esanetan, lehen hiruhilekoan errebote esanguratsua hauteman da eta hazkuntza handia aurreikusten da bigarren hiruhilekorako, batez ere industria arloan.
Eustatek iragan astean aurreratutako datuek erakutsi bezala, barne produktu gordinak azken hiru hilekoetan izandako joera berretsi du 2021eko lehen hiruhilekoan. 2020ko lehen hiruhilekoan % 15,5 egin zuen gora; 2020ko laugarren hiruhilekoan, % 0,5, eta 2021eko lehen hiruhilekoan, % 0,2.