Ekonomia -
Sindikatuak
Mobilizazio gehiago iragarri dituzte sektore publikoan
Horrela, maiatzaren 25ean, mobilizazioa egingo dute Gasteizen; ekainaren 1ean, elkarretaratzeak lantokietan; eta ekainaren 5ean, manifestazioak EAEko hiru hiriburuetan.
EiTB Media | Agentziak
ELA, LAB, CCOO, Satse, ESK eta Steilas sindikatuek mobilizazioak bultzatzen jarraituko dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Eusko Jaurlaritzak eta alderdi politikoek "enplegu publikoa finkatu eta sortzeko beharrezko pausoak eman eta zerbitzu publikoak indartu arte".
Egoeraren aurrean, sindikatuek berehala biltzeko deia egingo diete Eusko Jaurlaritzari, Eudeli eta alderdi politikoei, "haien esku dagoelako, eta ez beste batzuetan, zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60 000 langile baino gehiagori enplegua finkatzea".
Horrekin batera, helburu hori lortzeko beharrezkoak diren mobilizazioak eta greba egunak bultzatzen jarraituko dute. Hain zuzen, datozen asteetarako honako mobilizazio hauek adostu dituzte: maiatzaren 25ean, manifestazio-mobilizazioa Gasteizen; ekainaren 1ean, elkarretaratzeak EAEko sektore publiko osoko lantokietan; eta ekainaren 5ean, manifestazioak Donostian, Bilbon eta Gasteizen.
Apirilaren 22ko grebaren "oso balorazio positiboa"
EAEko sektore publiko osorako deitutako mobilizazioei eta apirilaren 22ko grebari buruzko "oso balorazio positiboa" egin dute sindikatuok.
"Milaka langile publikori greba eskubidea ukatzen zieten gutxieneko zerbitzuak ezarri eta pertsonen mugikortasuna asko baldintzatzen zuen pandemia egon arren, 18 000 langilek baino gehiagok parte hartu zuten EAEko hiru hiriburuetan deitutako manifestazioetan", nabarmendu dute sindikatuotako ordezkariek ostiral honetan Bilbon egindako prentsa agerraldian.
Jaurlaritzak, erakundeek eta alderdiek emandako erantzuna
Aitzitik, ez dute balorazio bera egin "sindikatuek eta mobilizazioetan aktiboki parte hartu zuten euskal sektore publikoko milaka langilek egindako eskaerei Eusko Jaurlaritzak, erakundeek eta alderdi politikoek emandako erantzunari buruz".
"Eusko Jaurlaritzak, propaganda adierazpenak alde batera utzita, euskal sektore publikoko 60 000 langile baino gehiago finkatzeko benetako urratsik eman gabe jarraitzen du, eta, Europako behin behinekotasun ranking altuenaren lehen tokian dagoen bitartean, pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du", salatu dute.
Halaber, sindikatuen iritziz, Eusko Jaurlaritzak Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuan barneratutako proposamena "ez da nahikoa, eta behin behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langile gehienak bere aplikaziotik at uzten ditu". "Ez mahai orokorrean, ez eta mahai sektorialetan ere, ez du enplegu publikoa finkatzeko bidean aurrera egiteko borondaterik agertzen", gaineratu dute.
Gainerako erakundeei eta euskal alderdi politikoei dagokienez, deitoratu dute egun ez dutela "benetako proposamenik" ikusten "zein zerbitzu publiko nahi eta behar ditugun erabakitzeko eta euskal enplegu publikoa finkatzeko".