Ekonomia -

MASMOVIL

Eusko Jaurlaritzak ez dio Euskaltelen parte hartzeari uko egiten

Arantxa Tapiak berretsi duenez, enpleguari, egoitza sozialari, fiskalari, 5Gren garapenari eta beste azpiegitura batzuei eusteko konpromisoak "nahiko egokiak" dira.

Euskaltelen egoitza Derion. Argazkia: EFE.
Euskaltelen egoitza Derion
Euskaltelen egoitza Derion. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak Euskaltelen parte hartzea baloratu du, 2019an bezala, eta "ahal izanez gero" egiten jarraituko du, MasMovilek egindako erosteko eskaintza publikoaren ostean. "Euskaltel mahai gainean egon da eta dago", esan du.

Gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Tapiak MasMovilek iragarritako erosteko eskaintza publikoa (Euskaltelen akzioen % 100, 2.000 milioi euroren truke) eta Eusko Jaurlaritzak konpainian parte hartzeko aukera aipatu ditu.

Tapiak azaldu duenez, burtsan kotizatzen duen enpresa bat da, eta partaidetza bat eskuratzeko "burtsara joan eta akzioak erosi behar dira, eta ez da erraza izaten, edo norbaiti enkargatu behar zaio". "Kasu honetan, erosteko eskaintza publiko batez ari gara, oso gauza ezberdinez", gaineratu du.

"Azpiegitura enpresa horretan dugun partaidetza baloratzen genuen, azken belaunaldiko zuntz optikoari, banda zabal ultraazkarrari eta 5G sareari dagokienez berritutako sare batekin", zehaztu du.

Hori dela eta, "operazio horren ostean posible den baloratzen" jarraituko dutela azladu du. "Nahi izatea ez da beti ahal izatea" eta parte-hartzea ez gauzatzeko arrazoi bakarra egon ez zela adierazi du.

Bestalde, berretsi egin du "nahiko egokiak" direla MasMovilen baldintzak, gutxienez bost urteko konpromisoarekin, enpleguari, egoitza sozialari, fiskalari, 5Gren garapenari eta beste azpiegitura batzuei eusteko.

Akzioaren prezioaren igoeragatik Euskalteleko zuzendariek jasoko luketen 26 milioitik gorako bonusari buruz galdetuta, Tapiak esan du ez duela horren berri, horren inguruan zabaldutako informazioengatik izan ezik, baina adierazi du bonu horiek "existitzen badira", zuzendariek "enpresan parte hartzeko" erabil ditzaketela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Telefonia mugikorra Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Internet